Apiririlaren 6an eta 7an, Ostegun eta Ostiral Santu egunetan, Segurako kaleetan, 300 urte baino gehiagoko tradizioa duen prozesioan aterako dira 300 herritar baino gehiago. Antolaketa taldean aldaketak izan dira aurten. Labrit komunikazioak ospakizunen lekukotzak jasoko ditu, grabaketekin.
Kultura, erlijioa, tradizioa eta turismoa elkarturik dauden ospakizun bezala deskribatzen dute segurarrek Segurako Aste Santua. Urtez urte, ahoz aho, belaunaldiz belaunaldi eta eskuz esku, XVII. mendeko lehenengo hamarkadatik –lehenengo dokumentu idatzia ordukoa da– segurarrek bizirik eutsi izan diote Ostegun eta Ostiral Santuetako prozesioei. Adin desberdinetako 300 herritar inguruk hartzen dute parte, eta kanpotik ere bisitari ugari gerturatzen da egun horietan Segurara.
Antolakuntza lan handia dago prozesioen atzean, ixileko lan asko. Azken 42 urtean antolaketan ibili den taldetik Laureano Telleria bakarrik dago bizirik. Antolakuntzaren zama arindu nahi izan du, erreleboa eskatuta. Deiak erantzuna izan zuen eta beteranoenak eta gazteagoak elkarrekin ari dira aurtengo ospakizunak prestatzen. Aurten, beste urrats bat egin dute: antolaketa osoaren pisua gutxi batzuen esku egon beharrean, talde lana martxan jarri dute Seguran. Honela, Aste Santuan dauden pertsonaia eta lan guztiak zerrendatu eta bakoitzaren ardurak hartuz talde txikiak sortu dituzte. Nolabait esatearren, antolaketa bertikal batetik horizontal batera igaro direla esan daiteke.
Talde berri horretako bi kide dira Edurne Izagirre eta Jon Ander Insausti. Izagirreren esanetan, «deialdi bat egin zuten. Pena ematen du hau galtzeak, eta azaldu egin ginen». Insaustik nabarmendu duenez, «Laureano bezalakorik ez dago, beraz, Laureanok egiten zuen lana jende gehiagoren artean banatu dugu. Taldeka antolatu gara. Lanak banatuta, errazagoa da».
Whatsapp taldeak eta nola ez, afariak lagun dituzte antolaketan. Gaur, martxoak 31, afari bat baino gehiago daude hitzartuta Seguran, prozesioaren antolaketaren aitzakian.
Antolaketa modua aldatzeaz gain, beste bat lan bat ere egin dute: XVII. mendetik belaunaldiz belaunaldi transmititu den ohitura paperera ere eman dute. Egin beharreko lan guztiak idatzita jarri dituzte. Izagirre taldekide berriak adierazi duenez, «aurten forma eman zaio: idatzita jarri dugu, dokumentatu egin dugu antolakuntza lana nola egiten den. Laureanok buruan zuena, idatziz jarri dugu. Ezkutuko lan asko dago. Betikoak ere badaude oraindik, zorionez». Laureano Telleria gustura dago lan talde berriarekin, «ekipo ona sartu da» dio. «88 urte bete behar ditut aurten, 42 urte damatzat honetan eta erreleboa beharrezkoa da».
Santu eramaleak prest
300 lagun behar izaten dira Ostegun eta Ostiral Santuetako prozesioetarako. Hamar paso dauzka prozesioak, hauetako bakoitzak Jesusen pasioaren bizipen bat adierazten du. Aurreko antolaketa lanean jarduteaz gain, Txomin Garmendiak Etsaiaren pasoa eramaten du bizkarrean, beste zortzi (hiru ordezko) lagunekin batera, eta Iñaki Goenagak San Juan beste hiru lagunekin.
40 urtetik gora daramatzate eginkizun horretan. Hauek ere erreleboa hartuko lukete, eta gustatuko litzaieke prozesioa ikustea. «Aurtengoa egingo dugu, baina 70 urte baditut… Inoiz ez dut prozesiorik ikusi kanpotik, eta ederra izan behar du», dio Txomin Garmendiak.
Pisu handia eraman behar izaten dute bizkarrean. «Aldapak, eskailerak, pisu handiko kolpeak izaten dira. Errepidean ere bazterretan adokina dago eta erdian joaten direnak libratzen dira baina bazterretan doazenek pisu handia hartzen dute bizkarrean», nabarmendu du Garmendiak. Iñaki Goenagaren esanetan, pausoa elkarrekin ondo koordinatuta ematea oso garrantzitsua da. «Eskailerak igo eta jaisterakoan pausoak denak elkarrekin ematea oso garrantzitsua da. Soldadutzan izan ginenok pasoa eramaten badakigu».
Antolaketa lanean aurten lan gutxiago dute –bihar, apirilak 1, daude geratuta– iaz santuak desmuntatu gabe utzi zituztelako.
San Migel, Nahia Iturriotz
14 urte betetzen duten gaztetxoen artean aukeratzen dute San Migel. Iaz, lehenengo aldiz, neska batek hartu zuen lekua, Sara Izagirrek; eta aurtengoa, bigarrena izango da, Nahia Iturriotz. San Migelen kasuan ere urtez urte, eskuz esku transmititzen da prozesioan egin beharreko lana eta koreografia. Izagirrek iazko oroitzapen «oso polita» dauka; aurten penitente aterako da. Iturriotz, «urduri», baina «pozik» dago, hainbesteko tradizioa duen ospakizuneko protagonistetako bat izango delako.
Pausoz pauso
Segurarrak buru-belarri ari dira Aste Santuko ospakizunak antolatzen. Apirilaren 6 eta 7ko egunen aurretik, hitzordu gehiago dituzte antolaketarako.
Agenda
-
- Apirilaren 1ean, 09:00etan, eliza garbitu eta santuak atontzea.
- Apirilaren 2an, 11:45ean, erramu bedeinkatzea eta meza nagusia, komentuan.
- Apirilaren 6an, 17:00etan, Azken Afariko meza parrokian. 18:15ean, prozesioa.
- Apirilaren 7an, 08:00etan, Gurutz bidea Santa Engrazitik komentura. 16:30ean, Jaunaren Nekaldiaren ospakizuna, Gurutzetik jaistea. 18:15ean, prozezioa.
- Apirilaren 9an, 12:00etan, meza santua, komentuan.
- Apirilak 15, 09:00etan, dena jasotzea.
Paso biziak
-
- Aingerutxoak San Migel Goiangeruaren gidaritzapean; nazarenoak; penitenteak; soldadu erromatarrak; txistulariak; musika banda; herriko korua; eliz gizonak; eta fededunak.
Hamar irudi
-
- San Joan Ebanjelaria, Pietatea, Doloretako Ama Birjiña, Kristo Gurutziltzatua, Jesus Nazaretarra Kalbario bidean…