Izaro Intsausti • Dantzaria
Lehengo larunbatean Donostiako Goizaldi dantza taldearen 75.urteurreneko ospakizunak Ordizian abiatzeko ohorea izan genuen. Goizaldiren sortzaile izan zen Kandido Pujana eta bere aita Joxe Lorentzo ordiziarrak omentzeko ezpata dantzarien segizioa eta emanaldia eskaini genituen herrian Amets Bide eta Goizaldik elkarlanean.
Goizaldiren sortzaile Kandidoren aita Joxe Lorentzok, Joxe Antonio Olano zaldibiarrarengandik jaso zuen bere ezagutza. Joxe Antonio Olano berriz, Gipuzkoako dantzetan aitzindari den Juan Inazio Iztuetaren ikaslea izan zen. Gipuzkoan pisu handiko dantza-maisuak izan zirela, ez dago zalantzarik.
Jakina da Ordizia ere dantza tradizio handiko herria dugula. Datorren urtean Amets Bidek 60.urteurrena beteko du, herriko jaietan haurren aurreskua, agintarien soka-dantza eta bost mende baino gehiagoko ibilbidea duen santanazaleen esku-dantzak ditugu, dantza asteburuaren barruan zortzikoaren VI. edizioa izango da aurtengoa… Eta dantza ohitura zaharrei eutsi eta berriak asmatzeko, askotan ikustezina izaten den txingurri lan izugarria dago atzean.
Omenaldiak omenaldi, gaur garena dantza munduko maisu eta maistra, dantzari eta dantzazale askoren lanari esker da eta aurrera jarraitzeko, orain arteko egindakoa ezagutu, balioan jarri, eskertu eta guztiok batera indarrak batzen jarraitu behar dugu. Atzeak erakusten baitu aurrea nola dantzatu!
Goizaldik Goierrira egindako bisitak Ordizian aspaldi ikusi gabeko euskal dantza tradizionalen saio eder batez gozatzeko aukera eman digu. Udazkenean berriz ere Goierrira etorriko dira, Zaldibiara eta ziur han eskainiko dutenak ere mereziko duela.
Zorionak Goizaldi eta 100. urteurrenean ere dantzan elkar gaitezela!