Hiru urteko etenaren ondoren, San Benito Ikastolako txikienen eraikineko patioa, jatetxe bihurtuko da sei egunetan. Ikastolako gurasoek eta langileek lazkaotarren sabelak betetzeko buru belarri lan egingo dute.
S an Benito Ikastolak lehen aldiz 2003an, Kilometroak antolatu zuten urtean jarri zuten jatetxea San Prudentzio jaietan, txikienen eraikinean. Covida tarteko, 2020tik 2022ra bitarteko etenaren ondotik, aurten, berriz ere irekiko ditu ateak. Erkuden Ormazabal Ikastolako langileak gogoratu duenez, 2003an udaletxetik etorri zen eskaera. «Garai hartan herrian talde handi samarrei erantzuteko baliabiderik ez zegoelako. Kilometroetako beroketa ekintza bat bezala izan zen. Hala ere, urtetik urtera errepikatu dena. Lehenengo urte hartan herriko elkarteei eskatu zitzaien janaria prestatzeko». Urtetik urtera, zerbitzua hobetzen eta egokitzen joan dira eta aurten ere, horrela izango da, apirilaren 21, 22, 27, 28, 29 eta 30an, 20:00etatik 23:00etara bitartean.
Gurasoen erantzun onari esker
Xabier Maiza zuzendariak aitortu duenez, aurten «zalantzak» izan dituzte, hiru urteko etenaren ondoren, «gurasoek nola erantzungo» ote zuten. Beraz, «lehenengo gurasoei galdetu genien… Erantzun ona izan da eta aurrera egitea erabaki genuen. Txalogarria da jendearen jarrera». Ormazabalek eta Maizak argi zuten, aurtengoa «erabakigarria» izango zela. «Aurten egin ezean, kito. Baina bai, aurrera atera da». Txanda bakoitzean 22 lagun izango dira gutxienez, zerbitzua egokia bermatzeko. «Gurasoei txanda bat egiteko eskatzen zaie».
San Prudentzio jaietan izaten den eguraldi ezegonkorraren aurrean, estalpea estimatua izaten da Ormazabalek nabarmendu duenez: «Nahiz eta haize korrontea egon, estalpea eta esertzeko tokia egotea garrantzitsua izaten da. Komuna edukitzea ere bai. Luxua da».
Ikastolako komunitatearen kohesioa
Herriari eta herritarrei zerbitzua eman eta ikastolarentzat diru etekin bat lortzeko aukera emateaz gain, Ikastolako jatetxeak badu beste helburu garrantzitsu bat Maizaren esanetan: «Ikastolako komunitatearen kohesiorako garrantzitsua da. Ikastolako langileak eta gurasoak elkarrekin lanean jartzea garrantzitsua da. Beste era bateko harremanak sortzen dira. Horri ere ematen diot bere balioa». Gurasoek eta langileek, nahasian, egiten dituzte txandak.
Geldialdiaren ondoren, eskaintza berritua izango dutela aurreratu dute Ikastolako kideek.