Euskal Herriaren historian zein istorioetan beti izan dute tokia bertsolariek. Zenbat aldiz kontatuko ote zen historia istorio gisan bertsoa izanik tresna? Zenbat istorio jaso ote ditu egungo belaunaldiak bertsotan eta bertsolaritzari buruz? Zenbat haurrek hartuko dute oraindik lo bertso goxo baten doinuarekin?
Kanta herrikoietatik zenbat dira bertso? Azken finean historian zehar bertsolariak izan dira euskal kulturgintzako figura nagusia. Goierrin hainbat eta hainbat izan ditugu, horien artean, Lazkao Txiki ezaguna. Honen ondoren ere izan dira bertsolari ugari eta oraindik ere badira.
Gaur egun arte belaunaldiz belaunaldi joan da bertsolaritza, ahoz aho eta doinuz doinu; bertsolaritik bertsolarira. Goierrin azken urteetan bertsolari zein bertsozale belaunaldi berri bat ikusi ahal izan dugu hazten, garatzen eta bertsolaritzaz gozatzen. Euskal Herrian ere badira bertsolari gazte ugari, belaunaldi berri honen parte direnak eta horietako zenbait izan ziren joan den asteburuan Gabirian, Osinalde Sarian. Irati Alcantarilla –irabazlea–, Aner Peritz, Oihana Arana, Xabat Illarregi, Unai Izagirre eta Lander Arizmendik jokatu zuten Osinalde Saria. Sari ezaguna da bertsolarien artean eta txoko desberdinetatik etorritako bertsolari zein bertsozale ugari izan ziren bertan. Final handira iritsi aurretik ere belaunaldi bezala bertsolaritzan duten lekua erakutsi dute gazteek eta diotenaren arabera, lehiaketa «polita eta interesgarria» izan da final handirako bidaia. Bestalde, «belaunaldi bezala lekua topatu» dute bertsolari hauek eta beste hainbatek.
Goierritar bat ere izan da tartean, Lander Arizmendi ordiziarra. Goierriko bertsolaritzaren ordezkari izatea egokitu zaio txapelketa honetan finalera iritsita. Mahai nagusian Arizmendik izan zuen ordezkaritza baina goierritar gehiago ere izan ziren lehiaketan, beste postu batzuetan; hala nola, gai-jartzaile lanetan aritu zena ere goierritarra izan zen, Olaberriko Ane Etxezarreta, hain zuzen ere. Epaimahaiaren gehiengoa goierritarrez osatutakoa izan zen baita ere, haietatik asko gabiriarrak.