June Saez Estevez (Ordizia, 2002) argazkilaria da eta urte asko daramatza jada argazkilaritzan.
Nola hasi zinen argazkilaritzan?
Txikia nintzenetik beti izan dut kamera eskuetan. Nire lehenengo kamera 8 urterekin oparitu zidaten, jaunartzea egin nuen egunean. Egun hartatik aurrera beti izan dut kamera bat eskuetan eta hortik hasi nintzen. Oso gustuko nuen argazkiak egitea eta kamera txiki honekin hasi nintzen ikasten pixkanaka-pixkanaka. Aurrerago, nire lehenengo kamera erosteko aukera izan nuen eta hobetuz joan nintzen. Behin denboratxo bat neramanean kamera honekin eta hobekuntza hori nabarmena zenean Instagram kontua sortu nuen eta hortik hasi nintzen argazkiak zabaltzen eta zerbitzuak eskaintzen.
Erretratuak egiten dituzu batez ere. Zergatik egin zenuen hautu hori?
Jende askok uste du gaizki ateratzen dela argazkietan eta nire ustez, pertsona bakoitzak dauka bere alde ona. Betidanik gustatu izan zait pertsona bakoitzaren alde ona ateratzea eta horregatik aukeratu nuen erretratuak egitea, hala, bakoitzaren alde positiboa ateratzen dut, egiaztatuz ez direla gaizki ateratzen argazkietan eta badutela bere alde ona, nahiz eta askok ez duten ikusi argazki hori aurrean izan duten arte. Aurrerago, nire teknika garatzen hasi nintzenean, argazki artistikoagoak egiten hasi nintzen, elementu gehiago sartuz eta argazki bakoitza gehiago landuz.
Kamera atzean egoteaz gain, kamera aurrean ere aritu zara beste argazkilari batzuentzat modelo lanetan. Zer moduzko esperientzia izan da horr? Zer duzu nahiago kamera aurrean ala atzean egotea?
Esperientzia bikaina izan da beti kamera aurrekoa, oso gustuko dut. Bizi nahi nuen esperientzia bat zen, izan ere, argazkilari bezala beste aldean dagoena nola sentitzen den jakin nahi nuen eta benetan eroso aritu naiz. Gainera, modeloak topatzea ez da lan erraza izaten batzuetan eta hala, nire lagun argazkilariei ere haien ibilbidean zehar esperientzia gehiago eskuratzeko aukera eman diet, argazki saioak egiteko prest azalduz beti. Hau hala izanik, gaur egun nahiago dut kamera aurrean egon egia esan. Oso eroso egoten naiz eta horrez gain, ez nago oso inspiratuta azken aldian, beraz, oraintxe bertan gehiago disfrutatzen dut kamera aurrean, baina argi dut kamera atzea disfrutatzen jarraituko dudala, orain arte bezala.
Etorkizunera begira zein aurreikuspen dituzu argazkilari bezala?
Argazkilaritzan jarraitzea gustatuko litzaidake, modu profesionalagoan. Kolaborazio gehiago egin nahiko nituzke eta esperientzia hartzen joan pixkanaka. Horrez gain, nire konfort eremutik ateratzea gustatuko litzaidake eta gauza berriak probatzea, hau da, apur bat gehiago esperimentatzea.