Pilare Muxika Lopetegi • Itsaso
Lehengusuen topaketa antolatzeko txanda iritsi zaigunean, gonbidapena argazki batekin egin ohi dugunez, berau aukeratzeko lanketatik dator erretratu hau. Bati begiratu eta oroimena hara, besteari eta bizipenak haratago… eta guztietan sakonean mezu bat: haurtzaroan jositako harreman loturek xamur irauten dute bizitzan zehar.
Familia zabalaren alderdi hau betidanik jorratu izan da gure amaren adarretik batik bat. Eta, aitortu beharrekoa dut, ederra dela gaur egun ere edozeren aurrean elkarri diogun maitasunezko elkarkidetza.
Maiatzean gaude eta gure haurtzaroko bizipenak Azentziotan ere elikatzen ziren. Altzagaraten jai handia izaten zen eta umeontzat, osteguna izaki, zubi oso bat geure esku eta oinetan.
Gu itsasoarrak gara baina gure ama Altzagatik ezkondu zen gure jaiotetxea izango zen Urteagara. Eta gehien kilikatzen gintuena Altzagara egun batzuk pasatzera joatea zen. Ez zegoen horrelakorik munduan!
Itsasotik Altzagara
Azentzioak bezalaxe, Sanmigelak eta Gabonak noiz iritsiko zain egoten ginen, ilusio apartaz: gure aitona-amonen xamurtasuna, osaba-izeben kontuak eta bromak eta lehengusuen bihurrikeriak eta konplizitateak.
Etxetik oinez jaisten ginen Salbatoreko apeaderora, amarekin, hiru ahizpak (aita Lanbretarekin igandean joango zen bostok etxera itzultzeko). Trenez Itsasondora eta handik gora eskailerak aidean, nekerik gabe, pozaren pozez. Hilerri ingurutik Altzagako gunea, gure amak bidean aurkitzen zituen lagunekin hitz pare bat (guk ez genion gehiegi entretenitzen uzten, hainbeste desio genuen bere jaiotetxera iristea!), eta aldapan gora Saletxe alde batean, Etxeberriazpi eskuinean eta aurrez aurre gure hiru egunetako pozkirri izango zen Etxeberrigarakoa.
Lehengusuekin jolasean
Berehala trabeskeriak egiteko prest zeuden lehengusuekin jolasean, intxaurrondo artean, belar-meta edo pikondo gainean, harriak botatzen edo ezkutaleku urduritan, zirraragarri.
Iristen zen dotore jantzi eta Altzagarateko meza eta ermita inguruan prozesioan parte hartzeko unea ere. Festa handia. Soinujoleak, aizkolariak, jendetza…
Eta gauetako algarak, kuarto berean bi ohetan, bakoitzean bina oheburu, buruan eta oinean, lehengusu guztiak barrez, ezin lo harturik. Eta goizaldean ere guretzat hain harrigarria egiten zitzaigun panaderoaren bozina berezia, hangoxea, belarrietan eta erretinan betirako geratzen diren garai alai, dibertigarri, maitasunezko bizipenen lekuko.
Altzagara joatea maite
Oraintxe ere zenbat maite dugun Altzagara joatea, nola ez! Elkarrenganako lokarriak iraun zezan saiatu zinetelako eskertuta eta testigua hartuta.