Beasaingo jaiak bertan dira eta gazteak pilak kargatuta daude jada, jaietarako prest. Ez dago azterketarik gazte hauen jaia izorratuko duenik. Gaur hasten dira jaiak ofizialki, baina atzo jada batzuk hasi zituzten jaiak, hala nola, Beasaingo Txosna Batzordeak. Atzo Ansioso eguna izan zuten. Etxeko talde bat izan zen atzo oholtzan, Sheldons Brothers taldea. Horrez gain, Fito Skins bikotea ere izan zuten gitarrak astintzen.
Aurtengoan herriko musikari eta dj ugari izango dira txosna gunean, izan ere, antolatzaileek aipatu dutenaren arabera, «herriko zein eskualdeko sortzaileei garrantzia» eman nahi izan diete eta jaiek dirauten bi asteburuetan herriko taldeak izango dituzte oholtzan. Gaurkoan, jaietako lehen ostiralean, ohi bezala, herriko taldeak izango dira oholtzan egongo diren gehienak, hala nola, Azken Sustraiak, Iltze, edota Kontrol Norte taldeak. Bihar ere izango dira herritarrak oholtzan, DJ Maixu hain zuzen ere. Bigarren asteari dagokionean, ostiralean bertako bi taldek hartuko dute parte txozna guneko giroa berotzen: Gilda taldea eta DJ Expuela. Jaiei amaiera emateko ere «Beasaingo sortzaileen aldeko apustua» egin dute, Muxutruk erromeriarekin esango baitie agur beasaindarrek aurtengo jaiei. Beasaindarrez gain goierritar gehiago ere izango dira oholtzan, hala nola, maiatzaren 22an «txosna hankaz gora jartzeko prest datorren» Emaion Erromeria.
Egitarau zabala antolatu dute herriko gazteek txosna gunean, musika estilo desberdinak jarriz, «guztiontzako jaia eraikitze aldera». Horrez gain, ondorengoa azpimarratu nahi izan dute Txosna Batzordeko kide batzuek: «Txosna gunea ez da festarako gunea bakarrik, borrokarako espazio bat ere bada eta aldarriz beteko dugu karpa, jaia eta borroka uztartze aldera. Hala ere, aldarriak ez dira aldarri hutsetan geratzen, hartutako erabaki bakoitza hautu kontziente bat da, borroka desberdinen bidean hartutako erabakiak». Bestalde, espazio hau «guztiontzako gune segurua» izan dadin protokoloa martxan jarriko du Txosna Batzordeak, «erasoen aurrean erantzuteko beharra» ezinbestekotzat jotzen baitute bertako kideek.
Beraz, gaurtik hasi eta maiatzaren 28ra arte «txosna gunera gerturatzeko» deia egin dute gazteek.
Horrez gain, herrian beste zenbait eragilek ekintza desberdinak antolatu dituzte jaietan zehar, hala nola, Arrano Kulturak antolatzen duen Mariren Jaitsiera, Ekaitz Buruhandi eta Erraldoien Konpartsak antolatutako arratsaldeetako buruhandi eta erraldoien irteera, GKS-k antolatutako gazte eguna, Aittuko gazteek Festetan Euskaraz kanpaina, eta udalak antolatutako Bideluze Plazako musika eskaintza.