Xabin Fernandez Zubeldia • Aktorea
Ez da posible. Ezin liteke. Berriro tomateak baratzean landatzen ari naiz? Babarruna erein dugu berriz? Baina nola da posible? Bazkariaren eta afariaren arteko zein momentutan pasa da bada beste urte bat? Non galdu da negua? Maiatza etorri al da bada? Berriz asteartea?
Beldurtuta nago. Denboraren abiadurak ikaratzen nau. Ez dakit adinak eragiten duen honetan guztian edo ez, baina 37 urterekin ni beldurtuta nago behintzat. Askotan gogoratzen dut nire lagun batek esandakoa 30 urte bete nituen hartan. 2015ean izan zen; herenegun: «30 urtetik aurrera, binaka Xabin». «Esajeratua», pentsatu nuen nire baitan. Baina arrazoia zuen.
Bada zerbait urteak aurrera egin heinean, denbora azkartzen duena. Zer den esaten ez dakit, baina bada zerbait. Lehen luze zena, orain ez da hainbeste. Eta ondorio batetara iritsi naiz: bizitza txikitako udako opor haiek bezalakoa da. Ekainaren amaieratik, ikasturte bukatu berritik, dena amaigabe ikusten genuen. Iraila ez zen usaindu ere egiten. Oso urrun geratzen zen beti udazkena. Baina gero, konturatzerako abuztua heltzen zen eta buelta erdia hartzerako, eskolan sartuta ginen berriro.
Ez al zaizue orain antzeko zerbait gertatzen oporrekin? Ez al zaizkizue lehen egunak izugarri luze eta oparoak iruditzen, eta aldiz erditik aurrera datozenak ziztu bizian galtzen? Niri ere bai. Bada bizitzarekin ere, antzeko zerbait gertatzen dela konturatzen hasia naiz. Eta ikusten denez, nik dagoeneko agortu ditut oporretako lehen egun luze horiek…
Berriz asteartea? Asteak konturatu ere egin gabe pasatzen zaizkit. Bizitzera ohitu naiz agian? Eta horregatik ari zaizkit asteak eta urteak hain azkar pasatzen? Berriz alkatea aukeratzea? Herriko festak pasa dira jada? Eta berriz asteartea?
Edozein abesti entzuten dudanean, lehen baino erritmo azkarragoa duela iruditzen zait. Hodeiak ere abiadura handiagoan pasatzen dira nire buru gainetik. Inguruko umeak jada ez dira umeak; eta umeak zirenek bat-batean umeak izan dituzte. Noiz gertatu da hori? Zure amak nirekin ikasi zuen institutuan? Ez da posible. Berriz ITVa?
Iaz gertatu zena, duela bost urte izan zen. Eta bost urte pasa direla uste duzunean, hamabost igaro direla jabetzen zara. Berrogei betetzeko bi urte eta erdi geratzen zaizkit. Eta berriz asteartea?
Denboraren joana, historian zehar gizateriaren buruan buelta gehien eman duen gaietako bat omen da. Beraz, zertarako itsutuko naiz orain ni kontuarekin? Denbora gehiago joango zait, denborarengan pentsatzen jartzen banaiz. Berriz asteartea?