Aitor Artza • Musika zalea
Soilik urtebete da Hilerri izeneko taldeari buruz entzuten hasi nintzela. Baneukan beraien berri hasieratik, Logan ezaguna dugu Lazkaoko eta Ataungo musikazaleon artean, eta hara non Ordiziako Iñaki topatu zuen bere bidean. Ordiziarra Madrilen ibili ostean Goierrira bueltatu, eta ez zuen punk eta hard core talde bat eratzeko lagunik aurkitzen. Orduan bere sormenak Instagramera nola beste sare sozialetara igotzen hasi zen. Bitartean, Logan bere aurreko taldetik umezurtz geratu zen, eta bien bideak bateratu zituzten zirt-zart batean.
Ezer asko prestatu gabe eta entsaio pare batekin Errekalehorreko (Gasteiz) etxe okupatuan jotzen izan ziren, han antolatutako jaialdi batean. Hura izan zen hasiera. Bateria ederki jotzen du Loganek eta baxua Iñakik trebetasunez, baina biek ere azkar, batik bat azkar. Bazen Egin Irratian Haragi Gordina izeneko irratsaio bat Igo Bolumenaren barnean. Ba ez da nolabaiteko metafora hoberik bikote hau deskribatzeko. Beraiek Hilerri Raw Punk bezala aurkezten dira eta Raw-arena (Gordina) bete-betean datorkie.
Beraien talde kuttun bezala Discharge, Tragedy, Lehendakaris Muertos, Kaaos, Anticymex, Gauze, Ruido de Rabia, Tortura Sistematica, Zikin… zerrendatzen dituzte, eta segi eta segi egiten dute taldeak botatzen etengabean. Musika dute bizibide eta hartatik edaten dutela argi utzi zidan bikote honek.
2022an dozena bat abestiz osatutako maketa-disko bat argitaratu zuten, eta beraien estiloari jarraiki grabatu, kopiak egin, atondu eta saldu/oparitu/banatu. Dena Loganek eta Iñakik egin zuten. Disko horretan ikus zitekeen beraien ildoa, Punk eta Krustaren zidorretan mugitzen dira eta ez eskatu gozotasunik bikote honi. Gordinak bizitzaren A edo B aldea bezala, zuzenak. Urtebete geroago prestatzen ari diren diskoan bide beretik datoz.
Egunotan Herio usaia izeneko lan berria osatzen ari dira, eta ea zer diozuen jorratzen dituzten gaiei buruz, hemen kanta batzuen izenak: Lan istripu bat, Navajazos en el parking, Haragia, Erailtako herria, Sexu problematiqa… zuzenago ezin. Uda aldean eskuragai izango da, baina ez espero dendetan aurkitzerik. Beraiekin kontaktuan jarri beharko zarete sare sozialen bidez edo etengabe ematen ari diren kontzertuetara gerturatuz. Guk erraztuko dizuegu, 684 395 570 telefono zenbakira deituz edo hilerrirawpunk@gmail.com-era idatziz.
Hartu edo utzi, baina talde honek ez du inor epel utziko. Zurea aukera!