Asier Iriondo • Hizkuntza aholkularia
Bi astez, astearte, asteazken eta ostiraletan, egin genuen gaulana. Hamasei lagun aritu ginen, lauko taldeetan. Talde bakoitzak launa edukiontziren ardura zeukan. Kamioia pasa aurretik, paperarenak husten genituen. Jokaldia beti zen berbera: giltza ingeles eta bihurkin banarekin gainaldea askatu, edukiontzia irauli eta bertako paper guztia bina autotan sartzen genuen. Ondoren, edukiontzia bere tokian uzten genuen berriz, gainaldea ondo finkatuta eta lotuta. Gehienei mailatu txikienik ere ez genien egin. Bakarrarekin izan genuen arazoa. Sobra ere, gainaldea ez genion behar bezala josi eta, papera biltzeko kamioiak irentsi egin zuen edukiontziaren azpialdea. Hala ere, behar den tokian jakinarazi dugu gure errua, eta sortutako kaltea ordaintzeko akordioa lortu ere bai.
Hustutako paper guztiak joan den astean eraman genituen Deskargako garbigunera. Bertako langileak, mutu, harritu samar zirudien hasieran, eta egin ez zigun galderari erantzun genion. Ez zion aparteko garrantzirik eman gure balentriari.
Bildutako guztia Olaberriko industrialdeko pabilioi batean geneukan. Burkideetako batek lanerako biltegia dauka bertan. Autoetan paper guztiak bertara eraman, eta han egiten genuen bakantze lana. Lehenengo kartoiak bereizten genituen. Ondoren, egunkariak, aldizkariak eta merkataritza-guneetako publizitatea, eta akaburako uzten genituen banketxeko eta bestelako gutun-azalak, erosketa-tiketak, aparkatze-denboraren papertxoak, post-itak…. harik eta boto-paperak bakarrik geratu arte. Horiek, alderdika, pilatan sailkatu eta, banan-banan, zenbatu egiten genituen. Azkenik, kalkulagailuaren laguntzaz, zegozkien kenketak egin, eta horrela jakin genituen Legazpiko emaitzak, hauteskundeak izan baino hiru egun lehenago.