Maiatzaren 12an, Zinemaldiko euskal zinemaren galan proiekzio pribatu bat izan ondoren, Gelditasuna ekaitzean filma estreinatu zen. Lara eta Daniel dira protagonistak, orainaldian bizitza ezberdinak izanda —norberak bikotekide ezberdin bat duela— iragan modura zaporeatzen den istorio bat partekatzen dute ikuslearekin; ezagutu ziren eguna, Igeldorako lehen bidaia motorrean… Baina orainean badirudi ez dutela elkar ezagutzen. Ez dira elkar oroitzen edo gertatu ez den iragan bat ikusten ari gara?
Film honen puntu garrantzitsuena, eta gauden bizimodu honetan beharrezko bilakatzen duen film garaikide honek duena, lasaitasuna da; gelditasuna. Informazioz josita igarotzen ditugu egunerokotasunaren ordu guztiak eta jada hiru segundo baino gehiago irauten dituzten bideoak ere jasaten ez ditugula dirudi. Bada, film honek 15 minutuko elkarrizketa bat du bi pertsonaia nagusien artean, eta uste dut oso motzera jotzen ari naizela minutuen zifra hori. Filma zuri-beltzean da, eta ikusten duzun guztia bi pertsonaia arrunten bizia da: bikotekidearekin Paristik itzuli den Lazkaoko neska eta amarekin lanean dabilen Donostiako mutil bat. Eta arrunta bada ere, arretan mantentzen zaitu pantailari begira une oro.
Irakurri dut nonbait Woody Allen zinemagilearen film batekin alderatu dela, eta bai, badira elkar partekatzen dituzten zeinu batzuk (amodioa, zuri-beltzeko irudia, elkarrizketa luzeak…), baina adin tarte handiko pertsonaiarik gabe eta elkarrizketa pedanterik gabe. Agian pedanteak bai, baina bizitzari buruz —bien artean gertatzen ari den amodiozko istorioari buruz— eta ez zine-pantailatik kanpo gertatzen diren zinema munduari buruzko eztabaidei buruz. Orainari eta iraganari buruz. Euren oraina eta iraganari buruz.