Marian Bidegain Ormazabal • Gabiria
Ez da atzo goizeko argazkia! Jendearen arropa, ilajea, orrazkera… nabarmen geratzen dira. 1979-1980 ikasturtea zen, PAX etxe aurrean (2014an eraitsia) atera genuen argazkia Aurrezki Kutxa Munizipaleko eta Aurrezki Kutxa Probintzialeko (gaur, Kutxabank) langileak, tartean Florentino Larrañaga (eskuinetik hasita zutik bigarrena), Lazkaoko udaltzaina izan zena badago ere, eta Goiherriko Euskal Eskolako lau irakasle: Enrike Zabala (eskuinetik hasita zutik laugarrena) eta Dionisio Amundarain (eskuinetik hasita zutik hirugarrena) fraide beneditarrak, Pilare Mendizabal zaldibiarra (ezkerretik hasita zutik lehenengoa) eta ni neu (eskuinetik hasita zutik bosgarrena).
Aurten 49. Udako Ikastaroa antolatuko du Maizpide euskaltegi/barnetegiak, baina urtean zeharreko ikastaro trinkoak, eta barnetegian, data horretan eta horiexekin hasi ziren, alegia, Aurrezki Kutxa Munizipaleko, Aurrezki Kutxa Probintzialeko eta Lankide Aurrezkiko (gaur, Laboral Kutxa) langileekin.
Alfabetatze ikastaroa
Erretratuko ikasleak Alfabetatze ikastaroa egin zuten, hau da, euskara landu zuten, idazten eta irakurtzen trebatu ziren. Ohi bezala, hiru aste eman zituzten Lazkaon, astelehenetik ostiralera, asteburuan beren etxera joaten ziren. Klaseak PAX etxean bertan izan zituzten, baita otorduak ere, sukaldea eta jangela hor bertan baitzeuden. Lotara, berriz, Lazkaoko hainbat familiaren etxeetara erretiratzen ziren.
Bai, lazkaotarrek lo lekua eta kontu-kontari jarduteko aukera eskaini zizkieten, musu-truk, edo hobeto esanda, euskaraz bizitzearen truk.
Urtetan Lazkao herriak esku zabalik hartu ditu euskara ikasleak, etxe barruraino sartu ditu, ostatu eman die. Ikasle horientzat guztientzat esperientzia ahaztezina izan da Lazkaoko egonaldia, eta esperientzia bikain horretan oinarritutako irakaskuntza betiko da, arrastoa uzten du. Maizpidek (hasieran, Goiherriko Euskal Eskolak) ederki uztartu ditu eskola eta herria, hizkuntza eta kultura, euskara eta bizimodua. Hori baita euskara transmititzeko bide bakarra!