German Urteaga Garmendia • Entrenatzaile pertsonala eta Kirol psikologoa
Duela denbora askotik pentsatzen dut gure bizipenak gizartearekin elkarbanatzeak asko lagundu dezakeela. Ez da berdina teoriatik hitz egitea edo praktikatik egitea, berdin zait zein arlo edo gai den, beti izango da aberasgarriagoa bere larruan bizi izan duen norbaiten hitzak eta esperientzia entzutea gaian asko jantzi den baina bizipen propioak ez dituen norbait entzutea baino.
Liburuak eta antzekoak beharrezko dira, bai, baina ez daukate azalak adina pisu. Gizarteak entzuten ikasi behar du, baina batez ere, nori entzun ikasi behar du. Esan bezala baina, norberak baino ez daki gainean daraman motxilaren pisua zenbatekoa den, askok motxila hori ikusezin bilakatzeko trebezia (edo guztiz kontrakoa) dute baina horrek ez du esan nahi zama hori existitzen ez denik, ikusten ez dena ere bada.
Norberak baino ez daki zein den bere egoeraren errealitatea. Bizitzaren ukabilkadak lehen pertsonan bizi dituzunean nabaritzen dituzu, orduan ohartzen zara zenbateko intentsitatea duten eta zenbateko mina eragin dezaketen, zu baitzara, zugan, zure erraietan, hauek sentitzen dituena. Batzuetan bizitzak bere alde ilunena erakusten du, eta hor ez dago teoriarik, ez dago libururik, edo ez behintzat norberak, eta soilik norberak, pasa beharrekoa pasa dezakeen libururik, besteen esperientziak irakurri zein entzuteak asko lagun dezake eta arnasa eman ere bai itotzear zaudenean, baina, finean zeuk pasa beharko duzu bizitzen ari zaren hori. Eta, nork daki, etorkizunean, agian, zeu izan zaitezke beste norbaiten (edo askoren) arnasgune eta bidelagun. Bidea eurek egin beharko dute, eurek sendatu beharko dituzte euren zauriak, zuk zureekin egin eta egiten duzun bezalaxe, baina, zuri esker baliteke dena errazagoa izatea beste batzuentzat.
Askotan gutxien uste dugunean azaltzen zaizkigu mamuak eta deabruak gure buruan. Askotan gutxien uste dugunean azaltzen zaizkigu harriak eta oztopoak gure bidean. Baliteke orain arte kanpotik ikusten genuen errealitate bat, edo besterik gabe arrotza zitzaiguna, orain lehen pertsonan bizi behar izatea, eta ez dut esango gogorra ez denik, baina zoritxarrez, edo, agian zorionez, inork ez du besteen zauri eta guduekin ikasten.