Laureano Telleria • Segura
Honoko argazkia 1975eko sanjoanetakoa da. Frankismoaren urterik gogorrenak atzean utzita, 1973tik aurrera festa egitarauak euskaraz ere argitaratzen hasiak ziren. Ikurriña, artean ilegala, modu klandestinoan (giltzarriak, metxeroak…) ikus zitekeen. Ikastolak alegalki baina, funtzionatzen hasita. Handik bost hilabetera hil zen diktadorea.
Argazkian, San Joan bigarreneko sokatira norgehiagoka ageri da. Gure anaia Leandro Telleriak ateratakoa. Eguerdian, gazte askok baina-patatak eta oilarra bazkaldu aurretik burutzen ziren sokatira saioak. Ohikoena ezkonduak ezkongabeen aurkakoak. Horixe da argazkikoa, aurreko urtekoaren errebantxa gainera. Irudi honetan ezkonduen taldea ikus daiteke. Bertan, hurrenez hurren, Sebastian Garaialde, Blas Ariztimuño, Antonio Garaialde, Xabin Aldanondo, Joxe Etxeberria, Joan Jose Arrieta … eta bertan zeudenak Julian Telleria, Karmelo Gabilondo, Xepeiño Agirre, Prontxio Izagirre, Julian Arrondo, Joxe Insausti, Joakin Izagirre… Ezkondu eta ezkongabeen arteko norgehiagokaz gain, kaletar eta baserritarren artekoak, goiko barrio eta beheko barriokoen aurkakoak ere bai. Partehartze eta ikusmin handikoak guztiak.
1975ko San Joan bigarreneko (asteazkena) egitaraua hauxe izan zen: Goizeko 6:00etan ikastolako tabernan uxuala; Goizeko 7:00etan zezenen irteera herriko kaleetan; 11:00etan herri toka txapelketa; 12:00etan ‘Radio Club 2000’ orkestaren emanaldia; 13:30ean ezkondu eta ezkongabeen arteko indar probaketa sokatiran. Gazteleraz, ‘revancha de soka-tira’ jartzen du. 18:00etan zezenak San Joan plazan. 19:00etatik 02:00etara dantza saioa txistulari eta orkestarekin. Ondoren, kalejira batez festen amaiera.
Ikastolako taberna
Argazki honetan agertzen den beste kuriositate bat, ordurako jartzen hasia zen ikastolako tabernarena da. Barrundianeko garaje zaharrean taberna zabalik eta ‘Ikastolaren alde’ dioen kartela ikus daiteke. Barrundianekoek Campsako kamioi zisternak sartu ohi zituzten bertan eta haien mantenu eta erreparazio mekanikoetarako prestatua zuten. Sanjoanetarako, ordea, ikastolak taberna jartzeko leku egiten zuten.
Tabernak, auzolanean jarria, ‘L’ forma zeukan. Campsako barrika iladaren gainean igeltseritzako tabloiak jarrita mostradore gaina plastiko txuri batez forratu eta barra osoaren frentea, zutika iltzatuta, piñu azal oholez estaltzen zen. Fregadera pare bat barraren alde banatan eta tartean apalak basoentzat. Orduan ez zen gaur hainbeste kamararik eta edaria hozteko izotz barra handiak Donostiako ‘Cervezas El Leon’etik ekarri eta zerrautsetan mantentzen genituen behar zenean bidoi txikiagoetan edaria hozteko.
Festetako edari nagusia txanpaina bazen ere, ardoak, zerbeza eta freskagarriak ere izaten genituen. Eguerdi-iluntzetan gurasoen etxeetan egindako pintxoak ere bai. Tabernako txandak guraso eta herriko hainbat gazteen artean osatzen ziren. Taberna eta goraxeago tonbola izan ohi ziren 1967an sortutako ikastolarentzat diru sarrera nagusienetakoak.
Beste kuriositate batzuk
Plakaren marka oraindik ikus badaiteke ere, albaitterone eta kafeko etxeen artean ‘Juan deunaren plaza’ eta ‘Plaza de San Juan’ plakak ageri dira.
Albaiteroneko ate ondoan, erdiko kalean zegoen koarteleko guardia zibil bigoteduna ere bai trikornio eta guzti norgehiagokariari begira. Ez dakiguna, nortzurekin zihoan.