Joxe Mari Apaolaza Zaldua • Kirol kazetaria
Aurretik bota dezadan garbi: oroimenean josita gelditzen den ikuskizuna dugu gainean, bereziki gisa horretako kirol ikuskizunik aurrez aurre izan ez dutenentzat. Atzo gertatu izan balitz bezala dut gogoan Joxe Nazabal tropeletik alde eginda Sakanan barrena, 1977ko Tourrak Oloroe eta Gasteiz lotu zituen etapan. Baita 1992koa ere, oraingoak bezala hark ere kilometro mordoxka gure herrietan zehar.
Uztailaren 2an 34 kilometro egingo ditu Tourrak Goierrin, Udanatik sartu eta Larraiztik aterako da, eta bada motiborik ikuskizunaren orea gizentzeko, haren alde pitzadurarik gabeko diskurtsoa egiteko. Egunerokotasunaren ibileratik kanpo utzi beharko dugu horren ordaina, bateko eta besteko eragozpenak, Tourra etxe atariraino ekartzea ez baita kosturik gabea izango.
Ospe eskasekoa gerta liteke Tourrak itzuliko digunaz hitz egitea, agian gaizto airez gabiltzan tekela-zale izango ginateke herri-sarea eta boluntario-tropela antolatu aurretik halako inbertsioen beharraz galdegingo bagenu.
Idealaren bila ibiltzeari utzi eta arrangurak popatik botatzea izango dugu onena, eskualdeko lasterketa profesional ospetsuak bizi duen herioaz eztabaida utzi eta lau haizetara garrasi egitea, lantokietara bidean autoen ordez berriz ere bizikleta-sorta handiak ikusiko ditugula amets egitea. Vive le Tour.