Suitzako Itzuliko sailkapen orokorrean 12. postua lortuta iritsiko da Tourrera Ion Izagirre Insausti (Ormaiztegi, 1989). Asteburuko Espainiako Txapelketetan ez da lehiatuko, eta astebetez etxean egonda, etapa bat, garaipen bat lortzea izango du helburu. Tourrean etapa bat irabazitako bigarren goierritarra da. 2016ko uztailaren 26an jaso zituen besoak Morzinen, Alpeetan
Suitzan egindako lanarekin gustura?
Beti gehiago nahi izaten da, baina Tourrari begira prestaketa ona izan dela uste dut.
Espainiako Txapelketetara azkenean bai?
Taldearekin hizketan aritu naiz, eta azkenean aurten ez parte hartzea erabaki dugu. Dena oso segidan dator, Suitza, Espainiako Txapelketak, Tourra, bidaia asko… Aste hau aprobetxatuko dut etxekoekin lasai egoteko, entrenatzeko eta Tourrera freskoago ailegatzeko. Ekainaren 28rako Bilbon egon beharra daukagu, hurrengo egunean baita aurkezpena.
Zer asmo aurtengo Tourrerako?
Urterokoa, etapa bila joatea, hori da nire asmoa. Ihesaldi onak hartzen saiatu, edo behintzat helmugara iristeko aukera izango dutenak. Etapa garaipenen bila ibiltzea da asmoa. Guillaume Martin izango da taldeburua, eta harentzat lan egitea tokatuko zait egunen batean, baina taldeak helarazi dit askatasuna izango dudala etapa garaipenen bat lortzeko.
Etxeko hiru etapen artean bakarren bat begiz jota?
Ikusi egin behar. Ihesaldiak izango dira, eta ez da erraza izango horietan sartzea. Normalean Tourreko aurreneko asteko etapetan esprinterren taldeek tiratzen dute. Aurreneko bi etapak, bai Bilbokoa bai Donostiakoa, gogorrak izango dira, eta uste dut ihesaldiak egitea kosta egingo dela. Hasierako egunetan ihesaldietan sartzeko asmorik ez daukat, uste baitut tropeleko txirrindulari azkarren batek irabaziko dituela. Ez dakit protagonista izango garen, ikusiko dugu.
Bereziak izango direla ezin uka.
Bai, bai. Tourra mundu mailako ekitaldi bat da, eta guretzat, etxe ondoko bideetan, txiki-txikitatik ezagutu ditugun bideetan ibiltzea polita izango da.
Tourrean irabaztea zer den badakizu. Zer oroitzapen duzu Morzine garaipenetik?
Etapa bat irabazteko azken eguna zen, eta jende asko eta ona sartu ginen ihesaldian. Zuzendariak eta biok ihesaldia nola eraman genuen, hori ondo gogoratzen dut, lasaitasunez, berotu gabe. Nibali Joux Planen gora harrapatu, eta beherakoan, euritan, kale edo bale egitea erabaki nuen.