Osagaiak
4 lagunentzat
- Baserriko untxia
- 3 tipula
- Oporto botila bat
- 50 gr. azukre
- 125 ml. ozpin
- 125 ml. haragi saltsa
- Litro erdi haragi salda
- Tomate saltsa pixka bat
- Gatza eta piper hautsa
- Olioa
Prestaketa
Untxia zatitu, gatza eta piper-hautsa bota. Zartagin batean olio pixka batekin gorritu eta aparte utzi. Zartagin berean aurrez julianan moztutako tipulak bota eta urre kolorea hartu arte eduki su eztian. Ondoren azukrea gehitu eta karamelizatu. Ozpina bota eta erabat lurrundu, Oportoa bota eta lurrundu, haragi saltsa bota eta lurrundu. Ondoren tomate-saltsa pixka bat eta haragi-salda gehitu eta egosten utzi 10 bat minutuz.
Ondoren, untxia bertan sartu eta 45 minutuz egosi.
Oharra
Bezperatik eginez gero, hobeto geratzen da.
Salbatoreh! hotela
Jon Aierbe beasaindarrak itxirik zegoen Salbatoreh! Hotela berrireki zuen 2011ko uztailean. Hasieratik sukaldearen gidaritza Asier Etxabe tolosarrak darama.
Bertan astelehenetik ostiralera betiko sukaldaritzako platerez osatutako eguneko menua eskaintzen dute. Era berean, talde-bazkarietarako eta ospakizunetarako ere egokiak dira bertako jangelak. Inguruko langileentzat atseden ordurako ogitartekoak, pintxoak, platerak eta abar ere eskaintzen dituzte.
Asteburuetan berriz, larunbat gauetako afarietarako irekitzen dute jatetxea. Larunbat eguerditan aldez aurretik adostutako talde-bazkariak eskaintzeko aukera ere badago Beasaingo Salbatore auzoan kokatutako hotelean.