Lide Urrestarazu Agirre (Ordizia 1999) mendi korrikalaria da eta urte batzuk daramatzan arren mendi lasterketatan azken aldian emaitza bikainak lortzen ari da.
Nola hasi zen zure mendi korrikalari ibilbidea?
Txikitatik atletismoan ibili izan naiz eta 16-17 urte inguru nituela Garingo Mendi Lasterketara animatu nintzen. Lehen aldia zen mendi lasterketa batean parte hartzen nuena eta asko gustatu zitzaidan mendian korrika egitearen sentsazioa.
Zein izan da zure ibilbidean azken emaitzak lortzeko jauzia izan den mugarria?
Jauzia progresiboa izan dela esango nuke. Garingo Mendi Lasterketaren ondoren Euskal Selekzioarekin lehiatzeko aukera izan nuen. Hortik Espainia mailan lehiatzera pasa nintzen, hala nola, Espainiako Kopan, gazteen mailan. Gehiago ala gutxiago entrenatzen nuen momentuaren arabera, baina konfinamenduaren ondoren gogorrago entrenatzen hasi nintzen, kilometro gehiago egiten. Denboraldi horretan emaitza txukunak lortzen hasi nintzen pixkanaka, beste maila
batean.
Azken lasterketetan oso emaitza onak lortu dituzu.
Bai. Euskal Herria Mendi Erronka eta Camille Extrem lasterketatan parte hartu dut eta emaitza oso onak lortu ditut bertan. Txilen egonaldi bat egin nuenean gutxiago entrenatu nuen eta orain, forma hartzen ari naiz berriro.
Nolakoa da prestaketa lasterketa baten aurretik?
Nire kasa entrenatzen dut. Sekula ez dut entrenatzailerik izan mendirako. Kilometro gehiago egiten ditut lasterketaren bat gertu badut eta horretarako prestatu, baina orain atseden hartuko dut apur bat eta irailean berriro jarriko naiz buru belarri.