Asteburu honetan 25. Gazte Festak ospatuko dituzte Zaldibian. Aitor Garmendia (Zaldibia, 1978) sorrerako parte izan zen. «Herriko gazteen arteko harremanak indartzeko asmoarekin hasi ginen. Kuadrilla bakoitzak batzar irekietan ekintza batzuen ardura hartzen zuen, gazte-auzolan formatuan festak antolatuz: Kafe tertuliak, txapelketak, afariak, kontzertuak…». Oraingo Gazte Festak beste era batera bizi ditu Garmendiak: «Sasi-pilotarien txapelketa eta sagardo dastaketa adin guztientzat errotzea lortu da. Beste ekintza batzuk urrutiago ikusten ditut, dagoeneko hain gazte ez garelako izango da». Bera izan zen Sasi-pilotarien txapelketa martxan jarri zuenetako bat, eta oraindik ere parte hartzen jarraitzen du. «Txapelketak lehengo xarma bera du. Gehienak askoz gazteagoak diren arren, gustura jokatzen dut txapelketan».
Ze zaletasun dituzu?
Mendia, bizikleta, korrika, lagunartea.
Pelikula bat edo telesail bat.
Gartxot.
Liburu bat.
Eh Petrel.
Musika talde edo abeslari bat.
Azken aldian musika lasaiagoa entzuten dut, Izaki gardenak edota Pasadena.
Abesti bat.
Askatasunaren semeei.
Oporretarako leku bat.
Hondartza eta mendia konbinatzea gustukoa dut, ahal dela, jendetza saihestuz.
Zer gosaltzen duzu?
Kafesnea ogi txigortu eta zerealekin.
Kolore bat.
Berdea.
Inoiz ahaztuko ez duzun eguna.
Seme-alaben jaiotzak, eta aurten hil zaigun amaren heriotza.
Jaso duzun oparirik bereziena.
Etxeko txakurra izan genuen Aixaren argazki albuma.
Amets bat.
Euskal Herritarrok gure etorkizuna libreki erabakitzeko eguna ezagutzea.
Bizitzako plazer txiki bat.
Kaletik, lanetik atera eta Aralarko baso, tontor edota zelaietan konektatzea.
Goierriko txoko bat.
Ausa Gazteluko tontorra.
Zaldibian biziko ez bazina…
Larraitzen, Gaintzan edo Ataunen… Aralartik gertu.