Joxepa Madariaga • Kultur eragilea
Lasai, eroso eta ondo bizi gara gazteleraz. Ez daukagu euskararen beharrik. Ooooo…
Adibidez, euskaraz ez dakiten edota gutxi dakiten lazkaotarrek nahiz inguruko herrietatik etorritakoek, ez dute euskararen beharrik sentitzen, pentsatzen dute ez dagokiela beraiei euskara ikastea, lantzea, kalean hitz egitea. Ikastea eta dakitena erabiltzea euskaltegiko ikasleei dagokie, urrutitik datozenei. Bertan jaioak, aspaldi batean Espainiatik etorritako etorkinen seme-alabak, auzo herrietatik etorritakoak, libre gara nahi dugun hizkuntzan hitz egiteko. Jendea euskaldundu eta mundu zabalera bidaltzen ari gara; bitartean, Lazkao bera erdalduntzen. Ooooo…
Etorkinei botatzen diegu erdararen presentzia handiaren errua, baina zer egiten dugu bertakook?, zer egiten dute,
Espainiatik 50. hamarkadatik hona etorritako eta jada Euskal Herritar diren familietako hainbat kidek? Asko eta asko Euskal Herritar dira, baina ez euskaldun, ez euskara-dun, ez euskal hiztun. Ooooo…
Familia euskaldunetako kideak dira kalean suelto gazteleraz ari ohi direnak. Izan ere, gazteleraz bizitzea errazagoa eta praktikoagoa da. Euskalduntasuna, sentimendua, kontzientzia… alde batera utzita, eskura duten mundua, etorkizuna, gazteleraz eta ingelesez mintzo da. Ooooo…
Euskal hiztunok , euskaltzaleok, kontzientziatuok ere, badaukagu birziklatu beharra. Euskarari herdoila kentzeko, euskaraz hitz egin beharra daukagu eta ez da aukera txarra Mintzalaguna: euskaltegira joan beharrik gabe, euskaraz mintzapraktika egiteko aukera polita, arina, merkea (erabat doan baita!): astean egun batean, ordubetez, hiruko taldeak osatu eta euskaraz jardutea da plana. Paseatuz, kafetxoa hartuz… talde bakoitzak nahi duen eran, euskaraz hitz egiteko aukera da Mintzalaguna. Ia herri guztietan dago aukera. Informatu eta parte hartzera animatu, bertan jaiotakook, euskaldun familietakook, gutxi edo gehiago euskaraz jarduten duzuenok, nahiz jardun nahi duzuenok… Aupa!
Geroz eta euskara gutxiago entzuten bada, ez bota errua etorkinei; haiek euskara entzuten badute, beharra sentitzen badute eta laguntza ematen badiegu, ikastera bideratzen baditugu, saiatuko dira, orain baino gehiago eta, beharra eta gogoa tarteko, ikasiko dute, bai. Aupa!
Sentitu, pentsatu, ikasi eta egin, denok elkarrekin!… Aupa!