Ea zer nahi zuen opari galdetu zioten. Eta berak argi bueltan: uztailen elurre. Muturra okertu zioten, ezpain buelta, sudurpea, masailen erdigunea, betazalen itzala eta betileen tentea. Esanez bezala ez ziotela ulertu. Baietz, esan zuena ulertu ziotela, baina ea zer zen esan nahi zuena. Eta berriro galdera, ea zer nahi zuen opari, pastel handi bat, edo jostailu erraldoi bat, edo bidaia bat edonora. Edo nahi zuen edozer. Eta berak argi adierazi zuen bueltan, bigarrenez: uztailen elurre.
Eta halaxe jarri ziren bila: inguruko eta urrutiko harri azpietan, etxeko eta etxetik kanpoko ate atzeetan, zuhaitzetako adarren artean, itsaso eta erreketako ur tanten bustian. Ezer ez. Zuritasun urtuaren itxura izan zezakeenik ezer ez. Ametsak esna lokartu zituzten gero zer harrapatuko, hozkailuan sartu zuten izerdia, laborategiak bisitatu zituzten, googleri galdetu zioten ea egingo al zuen elurra uztailean, erantzuteko arren eta arren, alegia, esateko baietz eta baietz, opari baterako zela.
Euria egin zuen batean, gerria dilindan, hankak soka-korapilo, gorputza leihotik kanpora atera, eta eskuetan margo zuriz betetako ontzi bat zutela, brotxa potolo-potolo batekin euria margotzen saiatu ziren. Alferrik. Margoak euriari baino euriak margoari egin baitzion laprast. Eta horrela amildu zituzten ezinezkoak, horrela urkatu zuten ilusioa: etsita.
Uztaileko egunek finitu ahala hurrengoari ipurdian hozka egin ziotenean iritsi zen azkena. Astelehen eguzkitsu bat. Astelehen buru-zuri bat. Inguruetako mendirik altuenera igo ziren largabistak eskuan, begirada han urrutian, laino izozturen baten bila. Lainorik ez zuten topatu, ordea. Beste ezertarako astirik ez eta esku hutsei buruzko ipuina idazten hasi ziren. Uztaila bukatzerako prest izango zuten eta elurrik ezean, egindako ahalegina justifikatzeko balioko zuen.
Uztailak hogeita hamaika, iluntzeak hamabiak laurden gutxi zituen. Begiak arranpalo zituela esan zien, ilusioa gainezka, pizteko sua, elurra egin behar bazuen, pizteko beheko-sua. «Ederragorik», esan zuen, «sutondoan goxatuko dugu elurra». Sua. Ez bururatzea ere! Hantxe zegoen koxka.
Sutarako beste ezer ez, eta ipuina erre zuten. Esku hutsik, suaren magiari begira, kanpoan elurra ari zuela sinetsi zuten hirurek. Batek ezinezkoa sinetsita, beste biek ezinezkoa etsita. Halaxe egin zuen uztailean elurra: egongelako sutondoaren epelean. Sinesteko ez baitago ikusi beharrik. Sentitzea nahikoa. Edo sentitu nahi izatea; hotza nahi denean, beroa.