Beasaingo gazte ugari izan ziren uztailaren 14an, gauean, Beasaindik Oriorako mendi martxara batu zirenak. Guztira 60 gazte inguru elkartu ziren eta adierazpenak jasotzean, guztiek aipatu dute esperientzia «bikaina» izan dela eta datorren urtean ere «batuko direla mendi martxara». Aizkorri Mendizale Elkarteak antolatutako irteera izan zen hau.
36km-ko bidea egin zuten gazte beasaindarrek, mendiz, gauez. Gauez izatearena da mendi martxa honen berezitasun handiena, baina parte hartzaileek esandakoaren arabera, uda izanik eta egunez egiten duen tenperatura kontuan izanik, «nahiago» dute gauez egin mendi martxa, izan tenperaturengatik zein «gaueko plan desberdin bat izateagatik, parranda ez dena».
Gazteen arteko harremanak
Adin desberdinetako gazteak elkartu ziren, eta «harremanak egiteko espazio bikaina» izan dela diote. Adin tarte handieneko desberdintasuna duten gazteek ez zuten elkar ezagutzen, izan ere, 18 urte inguruko gazteak ziren batzuk eta 27 urte ingurukoak ere baziren parte hartzaileen artean.
Ibilbideari dagokionean, zenbait parte hartzaileren esanetan «uste baino gogorragoa» izan zen, eta uneren batean edo bestean «ibilbidea uztekotan» egon omen ziren. Hala ere, aurrera egin eta Orioraino iritsi zirenean sentitu zuten harrotasuna eta poza «ikaragarria» izan zela azaldu dute. Bide okerretik joan ziren momentu batean eta atzera itzuli behar izan zuten apur bat, horrek «motibazio falta» eraginez batzuengan. Hala ere guztiak iritsi ziren «oso pozik» helmugara. Bertan gosaldu zuten eta herrira itzuli ziren.
Datorren urtean berriro antolatuz gero mendi martxa hau, aurtengo parte hartzaileek argi dute berriro «bertan izango direla» eta jada bidea ezagututa, ez dute zalantzarik aurtengoa baino «hobea» izango dela. Gainera, batzuek adierazi dutenaren arabera, aurretik ez zuten mendira joateko ohitura gehiegirik eta horrelako planek asko «animatzen» dutela jendea kirola egin eta mendiaz gozatzera, hori izan omen da haien kasua. Aittu Euskara Taldeko gazteek ere haien Instagram kontuan eskerrak eman dizkie Aizkorri Mendizale Elkarteari mendi martxa hau antolatzeagatik, «giro bikaina eta euskalduna» izan zutela adieraziz.