Herriko jaien beste aurpegia
Kaleak kolorez eta musikaz betetzerakoan hasten da festa, baina jai bakoitzaren atzean badira isilean lanean jarraitzen duten eskuak. Ikusten ez den ahalegin horretan, konpromisoan eta dedikazioan eraikitzen da benetako festa.
Herria kolorez, musikaz eta jendez betetzen denean hasten dira urteko egunik esperoenetakoak. Kaleak jendez gainezka egoten dira, plazak topaleku bihurtzen dira eta eguneroko errutina eten egiten da, ospakizunari lekua egiteko. Herritar gehienentzat atseden, lagunarte eta gozamen egunak dira; herriak bere onena erakusten duen unea.
Baina jaietako irudi ikusgarri horren atzean badago askotan oharkabean igarotzen den beste errealitate bat. Kontzertuak, kalejirak, haur-jarduerak, erraldoien irteerak edo tabernetako giroa ez dira berez sortzen. Horien guztien atzean ehunka pertsonaren lana dago: antolaketa, prestaketa, koordinazioa eta, herriari eskainitako denbora. Herritar gehienak jaietan murgilduta dauden bitartean, beste askok lanean jarraitzen dute, ospakizunak normaltasunez garatzeko.
Jaiak ez dira, beraz, kalean ikusten dena bakarrik. Festa posible egiten duen beste alderdi bat ere badute. Ostalaritzako langileak, osasun arloko profesionalak, udal zerbitzuetako beharginak, kultur taldeetako kideak eta dozenaka boluntario aritzen dira egun horietan lanean, bakoitza bere eremutik, jaiak aurrera atera daitezen.
Ordainsaria modu ezberdinetan
Lan horiek, gainera, ez dute beti izaera bera. Batzuentzat soldatapeko lana izaten dira jaiak; urteko lan-kargarik handiena pilatzen den garaia, gainera. Beste askorentzat, ordea, ez dago ordainsari ekonomikorik. Hilabeteetan egindako bilerak, entseguak, muntaketak eta antolaketa-lanak borondatez egiten dituzte, herriari ekarpena egiteko eta belaunaldiz belaunaldi transmititu diren ohiturei eusteko.
Bi errealitateak desberdinak badira ere, helburu bera dute: herriak jaiak ospatu ahal izatea. Batak ezinbesteko zerbitzuak bermatzen ditu; besteak, berriz, jaiaren nortasuna, memoria eta izaera kolektiboa elikatzen ditu. Biak ala biak dira ezinbestekoak.
Errealitate hori gertutik ezagutzen dute Goierriko lau gaztek. Elene Goitia legazpiarra urte osoan aritzen da Sorgintxulo Alai Aisialdi Taldean haur eta gazteentzako jarduerak prestatzen. Unai Sanchez beasaindarra zerbitzaria da Xuber tabernan. Iker Lekuonak, berriz, Lazkaoko Erraldoi eta Buruhandien Konpartsan egiten du lan boluntario gisa, eta Uxue Ezpeleta urretxuarrak ospitalean ematen ditu herriko jaietako hainbat txanda, erizain lanetan.
Lau errealitate dira, baina hari berak lotzen ditu: konpromisoa, ardura eta askotan ospakizunari uko egitea, besteek festa bizi ahal izan dezaten.
Urte osoko konpromisoa
Jaiak ez dituzte modu berean bizitzen protagonista guztiek. Herritar gehienek atsedenarekin eta ospakizunarekin lotzen dituzten egun berberak lan intentsuenekoak bihurtzen dira beste askorentzat. Lan-kargak, erritmo altuek, ordutegi bereziek eta prestaketa lanek markatzen dute haien egunerokoa.
Goitiak azaldu du Sorgintxulo aisialdi taldean egiten duten lana ez dela jai egunetara soilik mugatzen. Urte osoan zehar prestatzen dituzte ondoren jaietan edo oporraldietan eskaintzen dituzten jarduerak. «Jendeak azken emaitza soilik ikusten du, baina horren atzean asteroko lana dago», azaldu du. Legazpiarrak astero biltzen dira jarduerak antolatzeko, eta euren denbora librea erabiltzen dute horretarako. «Gainontzekoak oporretan daudenean hasten da gure lana».
Antzeko egoera bizi du Lekuonak ere. Izan ere, Erraldoi eta Buruhandien Konpartsen parte hartzea ere ez da jaietako suziriarekin batera hasten; konpartsakideek eguneroko jardunarekin uztartu behar izaten dituzte prestaketa-lanak. «Lan-orduetatik kanpo edo asteburuetan egiten ditugu prestaketa lan guztiak, eta horrek denbora ez ezik, konpromiso handia eskatzen du», azaldu du lazkaotarrak.
Erraldoiak kalera ateratzen diren unea edota aisialdi taldeak haurrengan sortzen duen zirrara ikusgarria izan arren, aurretik egindako lan guztia ia inoiz ez da ikusten. Biek ala biek azaldu dutenez, urte osoko prestaketa hori da, hain zuzen ere, ekitaldia behar bezala garatzeko bermea.
Soldatapeko lanean aritzen direnentzat ere, jaiak erronka berezia dira. Ezpeletak ospitalean ematen ditu jai egun berezietako zenbait txanda, eta gogorarazi du osasun-arretak ez duela etenik herria ospakizun egunetan dagoenean ere: «Kanpoan giro berezia dagoela badakizu, baina barruan beste lehentasun batzuk dituzu. Gure lana ez da eteten jaiak direlako». Osasun arloan, gainera, jaiak ez dira beti egun lasaiak izaten, eta profesionalen arreta eta prestutasuna eskatzen ditu.
Sanchezek ere lan-karga aldaketa handia sumatzen du ostalaritzan, jaiak heltzen direnean bezero kopuruak «nabarmen gora» egiten baitu: «Jende gehiago etortzen da, eta lan-erritmoa askoz biziagoa izaten da». Ordu gehiago, atseden gutxiago eta etengabeko mugimendua dira jaietako egunerokoaren parte.
Lau protagonisten egoerak oso desberdinak izan arren, guztiek partekatzen dute ideia bera: jaietako giroaren atzean dagoen lana, maiz, «itzalean» geratzen dela, alegia.
Borondatezko lanaren aitortza
Jaietako ekitaldi asko ez lirateke aurrera atera ahalko borondatez aritzen diren herritarren konpromisorik gabe. Kultur elkarteek, aisialdi taldeek eta herri-eragileek urte osoan egiten duten lana ez da jai egunetan hasten, ezta amaitzen ere. Ospakizunen atzean bilerak, entseguak, materialaren prestaketa, koordinazio-lanak eta antolaketa ordu ugari daude; gehienak isilean egiten direnak.
Lan horrek ez du ordainsari ekonomikorik, baina bai bestelako aitortza bat. Herriari ekarpena egitea, komunitate baten parte sentitzea eta urtetan eraikitako tradizioei eustea dira askoren motibazio nagusiak. Ahalegina handia izan arren, egiten duten lanaren zentzua hor aurkitzen dute.
Goitiaren esanetan, umeen ilusioa eta parte-hartzea dira aisialdi taldean egiten duen borondatezko lan horretatik jasotzen duen aitortzarik handiena. «Gerturatzen diren haurrak oso gustura aritzen dira eta guk ere fruituak ateratzen ditugu bertatik, taldeari aurrera egiten laguntzen baitio horrek», azaldu du. Hala ere, aitortu du askotan ez dela ikusten horren guztiaren atzean dagoen lana: «Herriak ez du ikusten astero egiten dugun lana, eta pena ematen du. Egiten dugun guztia herritik eta herriarentzat da».
Antzeko hausnarketa egiten du Lekuonak ere. Bere hitzetan, konpartsaren baliorik handiena «urtetan eraikitzen den komunitatea» da. «Gustatzen zaigulako egiten dugu, eta gauza txarren aldean, hori da onena». Konpartsakideekin ez ezik, inguruko herrietako taldeekin ere harreman estuak sortzen direla nabarmendu du; herriz herri egiten diren topaketek, irteerek eta ekitaldiek denboran zehar irauten duten adiskidetasunak sorrarazten dituzte. Helburu horri begira bideratzen dituzte, hala, urteko ekitaldiak ere.
Zailtasunen artean, berriz, eguraldia aipatu du eragozpen nagusi gisa, baldintza meteorologikoek askotan ekitaldien garapena baldintzatzen baitute, eta aurreikusitako planak egokitu behar izaten baitituzte. Hala ere, «konpromisoak eta talde-lanak» egoera horiei aurre egiteko aukera ematen dutela azaldu du.
Goitiak eta Lekuonak errealitate ezberdinak bizi dituzte, baina ondorio bera atera dute: herriaren erantzunak konpentsatzen du urte osoan zehar egindako ahalegina. Haurrek jardueretan gozatzea, erraldoien irteeretan kaleak beteta ikustea edo familiek eskertza adieraztea dira urte osoan egindako lanaren ordainik handiena.
Jaiak alboratzea
Boluntarioen kasuan bezala, soldatapeko lanean ari direnentzat ere jaiak bi aurpegiko errealitatea dira. Batetik, herria bizirik ikusteko eta herritarrei zerbitzua eskaintzeko aukera ematen dute; bestetik, ospakizunetako une esanguratsuenetako asko lanetik bizi behar izaten dituzte. Txanda bereziek, ordutegi luzeek eta lan-karga handiagoak baldintzatzen dute haien jai-esperientzia.
Ezpeletak gertutik ezagutzen du egoera hori. Erizaina izanik, ospitalean ematen ditu herriko jaietako hainbat txanda. Kanpoan musika, suziriak eta kale giroa nagusi diren bitartean, ospitaleko erritmoak ez du etenik izaten. Pazienteen arreta da lehentasuna, urteko edozein egunetan bezala. Horregatik, aitortu du jaiak «beste ikuspegi batetik» bizitzera behartzen duela bere lanbideak. Bere ustez, herriko ekitaldi nagusiak galtzea ez da egun bakarreko kontua; aurretik bizi den ilusioa ere urrunetik ikusten du urretxuarrak. «Urte osoa noiz iritsiko zain ematen duzun egun horren prestaketan ere ez dugu parte hartzen. Ilusio handia du jendeak, baina gu ilusio horretatik kanpora gaude», azpimarratu du.
Sentipen horrek, haren esanetan, jaietako lanaren alderdirik gogorrenetako bat erakusten du. Lagunekin edo familiarekin partekatu nahi lituzkeen uneak lanak baldintzatzen baititu.
Hala ere, denborarekin ikasi du jaiak ez direla egun bakar batean neurtzen. Libre dituen tarteak gehiago baloratzen ditu orain, eta ahal duen neurrian ospakizunetan parte hartzen saiatzen da, nahiz eta ordutegiak askotan oztopo izan: «Orain ilusio handiagoarekin aprobetxatzen ditut libre ditudan uneak».
Ostalaritzan ere, antzeko egoera bizi du Sanchezek. Jaiak urteko lan-garai «intentsuenetakoa» dira beasaindarrarentzat. Herria jendez betetzen den neurrian, tabernako lana ere «etengabe» hazten da, eta atsedenaldiak «gero eta urriagoak» bihurtzen dira: «Oso gogorra da».
Hala ere, bere ustez ostalaritzak badu alde berezia ere. Tabernaren beste aldetik bada ere, herriko jaiak «lehen lerrotik» bizitzeko aukera ematen dio: herritarren joan-etorriak, lagunarteko topaketak, ospakizunetako giroa eta bezeroen poza eguneroko lanaren parte bihurtzen dira Sanchezentzat. Bere ustez, ostalaritzako langileen lana askotan ez da behar bezala aitortzen. Jaietako giroaren parte diren arren, herritar askok ez dute ikusten taberna baten atzean dagoen esfortzua: «Beharrezkoa da gazteak lan hauetan aritzea. Azkenean, jaiak aurrera ateratzeko ezinbesteko lana da».
Ezpeletaren eta Sanchezen testigantzek erakusten dute jaietan lanean aritzeak baduela sakrifizioaren alderdia ere. Lagunekin partekatu gabeko bazkariak, joan ezin duten kontzertuak, herri bazkariak, emanaldiak… beren lanaren bidez, askok jaiak normaltasunez gozatzea bermatzen dute.
Jaiak, lanaren sinonimo
Batzuentzat jaiak ospakizunaren, elkartzearen eta gozamenaren sinonimo diren moduan dira beste batzuentzat lanaren, konpromisoaren eta sakrifizioaren sinonimo. Herriko kaleak betetzen direnean, jendea elkartzen denean eta egitaraua aurrera doanean, badirudi festa bere kabuz sortzen dela, baina badaude batzuk antolatzen, zerbitzatzen, zaintzen eta lanean jarraitzen dutenak. Izan ere, herri bateko jaiak ez dira egun gutxi batzuetako egitarau hutsa: komunitate baten lana, konpromisoa eta elkarlana islatzen dituzte.
Lan hori ez da beti agerian geratzen. Ez da oholtzaren erdian ikusten. Askotan atzealdean egiten da: tabernaren barruan, ospitaleko korridoreetan, bilera-gela batean, entsegu batean edo materiala prestatzen ari den pertsona baten eskuetan. Baina haien lanari esker, kaleak prest, bizirik eta kolorez mantentzen dira, tradizioek belaunaldien arteko jarraipena dute, ekitaldiak arrakasta handiz aurrera eramaten dira eta jaietako giroak bere osotasuna mantentzen du. Ez da lan makala.
Herritarrek kontzertu bat, kalejira bat, jarduera bat, emanaldi bat edota ospakizun une bat ikusi dezaketen arren, irudi horren atzean ordu askotako lana eta antolaketa dago. Hain justu, bigarren plano batean geratu arren, pertsona horiek dira jaietako protagonista handienak. Ez beti ikusgarrienak, baina bai ezinbestekoenak. ■


