Izaro Intsausti • Dantzaria
Ohitura eta tradizioek eguneratuz bizirauten dute eta galdu ez daitezen, lanean ari gara etengabean kultur arloan gabiltzan asko eta asko. Ez da lan xamurra izaten, izan ere urteroko ekintza plana aurrera eramaten nahiko lan izaten da eta hausnarketa edo gogoetarako patxada hartzea ia pribilegio bat dela esan genezake.
Berandu edo goiz, Ordiziako santanazaleen eskudantzan iaz eman zen urratsa. Bost mendetik gorako eskudantza honetan genero bereizketarik gabe dantzan ikusi genituen azken urtean ezkondu ziren bikoteak eta Maria Balluerka ordiziarrak izan zuen aurresku izateko ohorea.
Urte bat geroago berriz, santanazaleen bi bikote soilik aterako dira Plazara dantzara eta kanpoko dantzariekin osatuko da soka. Parte hartzaileen artean, urte ezberdinetan, gorabeherak izaten dira baina azken urteetan, ekintza edozein dela ere, jendeak parte hartzea geroz eta gehiago kostatzen delakoan nago.
Agian ohitura batzuk amaitu behar dute benetan balioan jartzeko duten garrantzia? Edo agian ez dira faltan botako ere? Nork daki… Bien bitartean, herri honek dantzan eta abesten jarraitu dezan, transmisio lana egin eta dauzkagun kultura balioan jartzeko sentsibilizazio lana egitea dagokigu. Ez baitago tekla magikorik eta horren erraza balitz, dagoeneko egina genuke.