Xabier Araña Urteagak (Ordizia,1988) irabazi du aurtengo Santa Ana jaiak iragartzeko kartel lehiaketa. Hogeita hamar lanetik gora jaso dituzte.
Nolatan aurkeztu zinen lehiaketara? Diseinatzailea zara?
Ez naiz disenatzaile grafikoa, arkitektoa baizik. Ez dut uste disenatzailea izatea ezinbestekoa denik kartel on bat egiteko, baina diseinuarekiko lotura bat izateak laguntzen du nolabait. Nire kasuan, betidanik gustatu izan zait kartelen mundua eta diseinu grafikoa orokorrean, nire lanbidean ohikoa da irudien moldaketarako programak erabiltzea. Albistea ikusitakoan proba egitea erabaki nuen, aspalditik bainebilen horrelako lehiaketaren batean parte hartzeko ideiarekin, eta zer aukera hoberik norberaren herriko jaietarako baliatu ahalko den saiakera bat egitea baino!
Zer sentsazio izan zenuen irabazi zenuela jakitean?
Poz handiarekin jaso nuen albistea, ez nuen espero egia esan. Proposamen asko aurkeztu ohi dira horrelako lehiaketetan, originaltasunez beteak, eta zaila da hainbeste lanen artean nabarmentzea. Ordiziarra izanik, gainera, satisfakzio berezia eragin zidan.
Zer esan dezakezu lanari buruz?
Jaietako une konkretu bat irudikatzen du argazki bat izango balitz bezala, non gertakizun bat, ikuslego anitza eta herriko espazio fisiko esanguratsuak protagonistak diren. Koloretsua da eta sakonera dauka, lehen planoko pertsonaietatik abiatu eta atzealdeko eraikinetara iritsi arte.
Zer islatu nahi izan duzu?
Kartelak jai-giro aberatsa eta alaitasuna azaltzea du helburu, herriko kaleetan barna. Ordiziako jaietarako izanda, herria fisikoki azaltzea ere garrantzitsua zen niretzat. Kartela ikusten duen edonork kolpe batean Ordizia herria identifikatzea eta gerora haren txoko desberdinak arakatzea polita eta esanguratsua iruditzen zitzaidan.
Nolakoa izan da sormen prozesua?
Aipatutako hiru elementuak (gertakizuna, ikuslegoa eta herria) aldi berean batzen zituen momentu bat aukeratu nuen lehendabizi, ohiko jaietako irudietatik aldentzen saiatuz. Konposizioan funtzionatuko zuen enkuadre bat aukeratu nuen, perspektiba zentral indartsu batekin, eta lehen zirriborro batzuen ostean amaierako irudia azaleratu zen. Irudikapena eskuz egin eta gero, ordenagailu programa baten bidez eman diot kolorea.
Argi izan zenuen danborrada izango zela gai nagusia?
Gertakizun asko daude jaien barruan eta zaila da zein islatu erabakitzea. Denak aldi berean islatzearen aukera ere hor dago, baina kasu honetan, hautatzeko erabakia hartu nuen. Danborrada gertakizun zentral bat da jaien barruan, eta ordiziarrongan hunkipena eta emozioa pizteko gaitasuna du nolabait. Ordizian tradizio handia duen ekitaldi bat ere bada. Niretzat gertakizun berezia da, bertan ateratzen bainaiz urtero barrilero gisa, eta kartelak ikuspegi pertsonal hori ere islatzen du, ikuslea danborradaren barruan kokatuz, karteleko protagonistetako bat izango balitz bezala.