Udako beroaren apaltzearekin badator iraila, eta irailarekin ikasturtearen hasiera. Asko eta asko dira aurten ere bizitzan etapa aldaketa bat emango dutenak ikasketei dagokienean, eta honek arlo guztietan eragiten du sarri. Gero eta helduagoak izan, orduan eta erabaki zehatzagoak hartzen dituzte gazteek ikasketetan, hasi hautazko soiletatik, ikasketa alorretik pasa eta etorkizuneko lana –zorte apur batekin– emango dieten ikasketak aukeratzeraino. Goi mailako zein erdi mailako ikasketak, unibertsitate ikasketak… zer ikasi, nora jo, nola joan, nola itzuli… zalantza guztiak argituta dituzte gutxi gorabehera jada ikasleek eta etapa berriari hasiera emateko prest daude, honek dakartzan gogo zein beldurrarekin barnean.
Aiert Salinas
Ikasle hauetako bat Aiert Salinas (Legazpi, 2005) da, datorren ikasturtean Basozaintzako ikasketak egiten hasiko den gaztea, Zizurkilgo Fraisoro eskolan. Ikasturtea hasteko gogoz dago eta gauza desberdinak ikasi eta bizitzeko prest dagoela dio. Horrez gain, egindako aukeraketa benetan nahi duen hori izan dadin espero du eta jende berriaz inguratzeko aukera izango duela ere garbi dauka legazpiarrak.
Garazi Arotzena
Horietako beste bat Garazi Arotzena (Beasain, 2005) da. Ikus-entzunezko komunikazioko ikasketak egingo ditu Aretxabaletan, Mondragon Unibertsitatean eta hasteko irrikan dago. Zalantza eta galdera asko ditu buruan, baina horiek guztiak argitzeko prest dago bertara joanda. Ikasturte honek lagun berri ugari ekarriko dizkiolakoan dago eta gustatzen zaion arloari buruz asko ikasiko duela ziur da.
Axier Olano
Etapa berri hauetako bati hasiera emango dion beste gazte bat Axier Olano (Beasain, 2005) da. Datorren ikasturtean Tolosako Gainberri Heziketa Eskolan Denbora Libreko eta Naturako gidaritzari lotutako ikasketak hasiko ditu. Bertan, bizikletaz egiteko zein mendian oinez egiteko ibilbideetako gidaritza, zaldi ibilaldien antolaketa eta halako ekintza desberdinak landuko ditu. Beti izan du kirolarekin lotura handia eta bere ibilbide profesionala kirolaren bueltan eraiki nahi du. Horren ondoren kirolarekin loturiko ikasketei jarraipena eman nahi diela argi du beasaindarrak eta gidaritzatik harago joanez praktikara jauzia eman nahi duela. Batxilergoaren ondoren beti unibertsitatera bideratzen dituztela ikasleak bere ustez adierazi du eta berak beste ibilbide batzuk aztertu eta hauetan aurrera egiteko erabakia hartu duela. Gogotsu dago ikasturte berrirako eta beti nahi izan duen bezala bere bizitza profesionala kirolaren mundutik bideratzeko aukera bikaina emango dioten ikasketak direla ziur da.
Adibide hauez gain hainbat eta hainbat ikasle daude egoera berean eta ikasturtean zehar haien zalantzei erantzuna topatuko diete seguruenik. Beste askok haien tokia beste bat delako iritzia izango dute eta ikasketak aldatzeko hautua egingo dute. Hala ere, guztiek ikasturteari hasiera modu berezian emango diete, erronka berriekin eta gogotsu.