Miriam Inza • Artista eta ikertzailea
Sarritan esaten diot jendeari desastre bat naizela whatsapparekin, eta horrela desenkusatzen naiz: «Nahi dudanean erantzungo dut eta ez zuk idazten didazunean» esatea bortitzegia da sentsibilitate batzuentzat. Ondorioz, ia beti dut mezu pare erantzuteke eta noizbait leporatu izan didate arintasun falta hori.
Pentsatzen jarrita, premiazko gauza gutxi dago: ordutegiak, epeak eta berri oso onak edo oso txarrak. Gainerakoak itxaron dezake. Txatak berehalakotasuna eskaini digu eta, ondorioz, guk eskatu egiten diogu besteari. Baina ez dugu guztiekin egiten. Ezezagunekin ez gara horren presatiak, agian ez dugulako gure burua horrela erretratatu nahi edo errazago ulertzen dugulako posible zaienean erantzungo digutela. Gertukoekin, aldera, guztia da garrantzitsu, erabakigarri eta premiazko. Orduan aise leporatzen diogu mintzaideari gu baino gauza garrantzitsuagoak dituela dirudiela. Eta, aizue, ziurrenik gauza garrantzitsuagoak dituela, edo alderantziz, lehentasuna gara eta horrexegatik ez du berehala erantzuten, merezitako denbora eskaini nahi diolako axola zaionari behar bezala idazteko.
Nik neuk eguneraketa bat behar dut nire whatsapp aplikazioan, abisu-mezu bat edo: «Une jakin batean bidalitako mezua berehala helduko zaio solaskideari, betiere biek Internet konexioa badute. Aitzitik, txatak eskaintzen duen berehalakotasuna ez dator bat solaskideari eska dakiokeenarekin. Gerta daiteke txat honetara botatako zenbait mezuen erantzuna egun bat edo bi luzatzea: igande eguerdietan ez da laneko konturik erantzuten eta lagunarekin hartzen ari naizen kafea ez dut pausatuko zure memea ikusteko. Ondo ebaluatu txat honetan trukatzen diren mezuen premia eta, behar izanez gero, aukeratu beste bitarteko batzuk. Nirekin txateatzeko, onartu terminoak eta baldintzak».