Eibartarra jaiotzez, Bergara bizitoki, eta Beasaingo Argizpi Argazkizale Elkarteko kide. 40 urte daramatzat argazki kamera soinean, zerbaitetan saiatzen, zerbaiten bila… Baina zer? Batzuetan uste dut ez dudala bilatu aurkitu nahian nabilena. Bidea luzea da ordea, eta bide horretan oinarriak jartzen dira, joerak, estiloak.
Argazkilari egiten zara, eta oso garrantzitsua den beste gauza bat: jendea ezagutzen duzu eta lagunak egin.
Betidanik gustatu izan zait argazkiak egitea: haurren eta helduen erretratuak, landa eremuko biztanleenak, kiroletakoak, mendikoak. Baina naturan sentitu izan naiz gustuen, horrek gogobete nau batez ere. Naturan aurkitu ditut edertasuna, lasaitasuna, poza eta bakea. Behe-lainoak maitemindu nau, elurrak, udaberriaren berdetasunak, eta nola ez, udazkenak.
Txindoki, mendi enblematikoa, Goierriren zaintzaile. Edonori pizten dio arreta haren ertz zorrotzak. Irudiko argazkia Bergaratik aterata dago, Gorla gainetik, udazkeneko arrats batean. Parajearen edertasuna agerikoa da.
Nikon D4S • 1/250 • f/5,6 • Iso1800 • Nikon 70-200 2,8