Xabin Fernandez Zubeldia • Aktorea
Irratiko esatariak «Zer moduz oporrak?» galdetu dio goizeko gonbidatuari. «Bada, ondo etorri zaizkit» erantzun dio bixkor mahaikideak. Eta nire burua, ohikoa denez, pentsakor geratu da. Mugikorrean, aplikazio baterako sarrera egiteko hatzarekin pantaila sakatu eta ikono mugikorra lekuan gelditu eta bueltaka hasten denean bezala. Nire burua ere halaxe. Loading… kargatzen…
Zer esan nahi izan du ondo etorri zaizkit horrekin? Ondo etorri zaizkio, Benidormeko bigarren etxean urtero moduan pasa dituen hiru asteak deskantsatzeko aprobetxatu dituelako? Edo ondo etorri zaizkio, Costa Ricara lehen aldiz joan, eta egonaldi aspergarri eta etsigarri bati esker konturatu delako, zenbat maite duen orain arte hainbeste aspertzen eta etsitzen zion Benidormeko bigarren etxeak?
Lehenengo egoera hipotetikoan, protagonistak oso ondo pasa du oporraldian. Bigarrenean, berriz, oso gaizki pasa duela dirudi. Bietan ordea, gonbidatuak ondo etorri zaizkit erantzun lezake.
Agian, ondo etorri zaizkio, bere oporretako argazkiek sekulako arrakasta izan dutelako sare sozialetan, eta ondorioz ehunka jarraitzaile berri lortu dituelako. Edo beharbada kontrakoa gertatu zaio; eta sarean ikusi dituen argazkiek min egiten diotela ohartu ondoren, bere profilak itxi eta osasun mentala zaintzea erabaki du. Kasu horretan ere, ondo etorri zaizkio oporrak guztiaz jabetzeko.
Izan ere, badirudi badirela idatzi gabeko arau batzuk, oporrak nola izan behar diren esaten dutenak. Telebistako garaiko iragarkiak ikusi besterik ez dago. Uda gozatzeko da; lagunekin egoteko; bidaiatzeko; ondo pasatzeko. Eta ez etxean geratzeko; aspertzeko; pentsatzeko. Oporrak pozik igaro behar dira. Bestela, ez dira oporrak.
El verano ya llegó zion abestiak, y la fiesta comenzó. Eta baieztapen kategoriko horren ondotik, el verano ya está aquí para hacerte feliz. Mezua zuzena da. Eta hori da niri ere ingurutik heltzen zaidan mezua.
Neronek ere ez dakit egin behar nituen oporrak egin ote ditudan. Ez baitut bixitatu, joan aurreko egunetan lagunek eta senideek gomendatutako kala txikirik. Eta ez baitut ikusi, itsasertzean pareo luze baten gainean afaltzen nuen bitartean ilargi beterik. Eta ez baitut erosi, paseo maritimoan gauero egon ohi diren pitxi hippierik ez eta mojitorik. Askotan, afalordurako etxean egoten nintzen. Lasai. Aitortzen dut. Telebista ikusten edo irakurtzen. Eta ez dakit hori oporrak egin behar diren bezala egitea den.
Agian buruari behar baino buelta gehiago eman dizkiot opor hauetan. Baina ondo etorri zaizkit.