Asier Iriondo • Hizkuntza aholkularia
Labana plateren eskuinean eta sardexka ezkerrean jartzeko, lehendabizi, xerra imajinario bat zatikatu behar izaten zuen. Abuelak joan den mende hasierako Hotel Londresen ikasitakoa irakatsi zionetik, mahaia itxuroso jartzeko tema izan du beti. Kontserba-potoak ireki nahian ere ezin asmatu ibiltzen zen, alde batera eta bestera indar eginez. Torlojuak ere ez zituen lehenengoan estutu nahiz lasatuko.
Legazpiko dantza taldeetako batean dabilen arren, trikiti pieza bat fandangoa edo arin-arina den jakiteko, dantzatu egin behar izaten du. Dantzari ona omen da gainera (edo hala ere), nahiz eta, abuelaren ipuineko «parará papá, parará Patxi» ahoskatu behar izaten duen, pasodoblearen erritmoan, hanka pausoa zuzen eramango badu. Ipuinaren arabera, Patxik aitari trena geldituko ote zen galdetu zionean sortu omen zen musika. Ba, hitzen ordez, horixe errepikatzen du berak, Los Zopilotes Txirriaosen Siete Mares dantzatzeko. Kantua entzuten duen aldiro birsortzen du musika.
Izan ere, kantatzea ere horrela bizi du. Bertso doinu batek azken puntuko errepikapena duen jakiteko osorik kantatu beharra dauka, edo alfabetoa letraz letra ozen kantatuz baino ez du esango. Eskolan ikasi zuen doinua. Ondorioa ere izan zuen: azterketa batean irakasleak isiltasuna agindu eta ezin izan zituen letra guztiak aurkitu. Arratsalde hartan bertan, irakaslearen gelara eraman zuen abuelak, eta, han bai, alfabetoa kantatzen utzi zion.
Tapia eta Leturia bikotearen erromeria batean erori eta erradioa eta kubitua txikitu zituen, fandangoa edo arin-arina jotzen ari ote ziren ezin antzemanda. Other Mind 5/8=40 pieza zen, Jose Mari Otermini eskainia, garaiko ETBko arduradunari. Orain, mahaia jartzeko, ez dauka xerra imajinarioen beharrik. Ebakuntzako orbaina duen besoaren aldean uzten du labana.