Jtk Lazkaun taldearen eginkizun nagusienetakoa, herriz herri taloak egin eta saltzea da, herri mugimendu desberdinei diru ekarpena egiteko helburuarekin. Hala ere, taloak egitetik harago, Jtk Eguna antolatu dute Lazkaon.
Iraila ekitaldiz betetako hilabetea izaten da Lazkaon, San Migel egunaren aitzakian. Ohiko ekitaldiez gain, aurten beste bat gehiago izango da Jtk Lazkaun taldearen ekimenez: Jtk Eguna antolatu dute bihar, irailaren 23an. Egun osoko egitaraua prestatu dute, herri kirol, herri bazkari eta dantzaldiarekin.
Lazkaoko talogileei erreleboa hartu dien taldea da Jtk Lazkaun. Herriz herri 35 urtez talo egiten aritu zen Lazkaoko boluntario taldeak 2019ko abenduaren 21ean egin zuen azkeneko saioa Donostiako San Tomas ferian. Jon Aizpurua Jtk Lazkaun taldeko kideak adierazi duenez, «etenik ez da izan; errelebo eta ardura aldaketa bat izan da. Utzi baino gehiago, apartatu egin dira aurrekoak. Ardurak utzi dituzte. Beraiek oraindik etortzen dira laguntzera, nahi dutenean edo ahal dutenean».
Izaera berarekin jarraitzen dute talogileek. «Boluntario talde bat gara. Lehen ere horrelaxe ziren, eta guk ere dinamika eta helburu antzekoekin» jarraitzen dute. «Forma berdinarekin» jarraitzeko asmoa daukate. «Hau da, auzolanean eta dirua beti herriarentzat eta herrirako izango da. Ez da inongo momentutan zalantzan jarri filosofia hori. Dirua euskalgintzarako, presoentzako… Herriko edozein dinamika aurrera eramateko diru bat behar bada gu beti prest egoten gara laguntzeko».
Talo egitea da Jtk Lazkaun eginkizun nagusiena, baina eskaintza zabaltzen ari da taldea. Joaldun taldea ere badute, dultzaina jotzaileak, serigrafia lanak eta garagardo ikastaroak ere egiten dituzte… «Hilean behin gitarra taldeko jotzaileekin kantu gaua ere egiten dugu Lazkaon, Antsoategi aurrean».
Taloen zain ilaran
Hala ere, Jtk Lazkaun taldearen diru iturri nagusiena taloak dira. Herritarren artean harrera oso ona izaten dute taloak eta jende ilara luzeak sortzen dira talo postuetan. «Bere xarma dauka taloak. Bi talo berdin ez dira ateratzen. Ez da etxean egiten den gauza bat. Bere garaian baserri mundutik zetorren, baina orain ez da etxean egiten eta ikusten da jendeari gustatu egiten zaiola. Festa giroarekin lotzen da gainera».
Ordiziako Euskal Jaietako asteazkeneko azokan egin zuten azkeneko talo saioa. «Hamar lagun egongo ginen talo jotzen, beste bat orea egiten, zartagietan ere bai… 15-16 lagun elkartu ginen taloak egiten postuan. Jende asko gerturatzen da argazkiak ateratzera».
Larunbatean, Lazkaon egingo dute hurrengo talo saioa, sagardo dastaketarekin batera, 19:00etatik aurrera. Hala ere, lan gehiago ere hartu dute, Jtk Eguna antolatu baitute, egun osoko egitarauarekin. «Beti esaten genuen Lazkaok zerbait behar zuela, nahiz eta irailean gauza asko egoten diren. Sagardo dastaketa egiten da San Migel aurreko larunbatean, baina oso sosoa izaten da. Sagardo dastaketaz gain ez zen besterik egoten». Horren harira, iaz bazkaria antolatu zuten. «Kontua da sagardo dastaketaren egunean ere taloak egiten ditugula, eta egun horri buelta bat eman nahi izan dugu. Iaz bazkaria oso ondo atera zen eta aurten pauso bat gehiago emango dugu», adierazi du Aizpuruak.
Egun osoko egitaraua
Goizean goizetik hasiko da festa bihar Lazkaon: goizeresia, joaldunak, herri kirolak (12:00), herri bazkaria (15:00), taloak (19:00) eta Triki Dantz musika taldea (21:00) izango dira.
«Lagun arteko herri kirol erakustaldia antolatu dugu goizean. Ez da txapelketa. Edonork egiteko probak izango dira». Bost laguneko taldeek hartuko dute parte eta lau proba osatu beharko dituzte: trontzan, tokan, oskolak biltzen eta txingatan. Izena emateko 620 594 616 Whatsappera idatzi behar da. «Partaide guztiek ilunabarreko kontzertuan taloa eta tragoa opari» izango dute.
Eguerdian herri bazkaria egingo dute; Antsoategi tabernan eman behar da izena. Menua: txorixoa eta odolkia, paella, postrea, kafea eta edaria. 15 euro ordaindu beharko da (ikasleek 10). «Bazkarirako nahitaezkoa izango da kamixeta jantzita eramatea, hau izango da bazkarirako tiketa».
Iluntzean, Lazkaoko Udalak antolatzen duen sagardo dastaketaren barruan, taloak egiten ariko dira Jtk Lazkauneko taldekideak. Eta eguna borobiltzeko, kontzertua Triki dantz taldearekin.