Julen Arakama • Zinemazalea
Hayao Miyazakiren animaziozko azken filmak, El chico y la garza izenekoak, irekiko du 2023ko Zinemaldia Donostian. Gure zinemetara urriaren 27an helduko da film hau eta Zinemaldikoa izango da filmaren estreinaldia Europan.
Filmeko protagonistak, Mahitok, bere hiritik izebaren herri txikira alde egin beharko du II. Mundu Gerrateko bonbardaketetan ama galdu ondoren. Herrixka inguruko paisaia misteriotsuak miatuz bere ama berriro ikusten lagunduko diola esaten dion hegazti bat aurkituko du.
Miyazakirengan ohikoa den bezala heroiaren mitoa gorpuztu behar duen gaztetxo bat da protagonista, heldutasunaren eremu lausoan lehen pausoak eman beharko dituena, miresgarria bezain krudela izan daitekeen bizitzaren abenturan aurrera egitera behartuta dagoena.
Maisulanez jositako ibilbidea osatu du Miyazakik eta ezbairik gabe bera da animaziozko filmagintzan mundu mailan ospe handiena duen zuzendaria. Bere curriculumean zinemaren historia diren filmak ditu, Mi vecino Totoro, La princesa Mononoke, El viaje de Chihiro eta El castillo ambulante esaterako. 80 urte beteta ditu Miyazakik eta birritan gutxienez erretiroa hartu izan du, izan ere bere animaziozko filmen ekoizpenek urteetako lan itzela eskatzen dizkiote berari eta Ghibli estudioari, eta jarraitzeko indarrik gabe ikusi izan du bere burua birritan. Zorionez proiektu berriei eusteko adorea eta indarra bildu ditu erretirotik birritan itzultzeko.