Alaitz Alustiza • Urtsuaran
1950etik 1960rako hamarkada, ziurrenik, 50eko hamarkadaren amaiera, Urtsuaranen oraindik ere gehiengoa baserri lanetik bizi zen garaia izango zen.
Ordurako Idiazabalen Patricio Etxeberria-Limas lantegia martxan zen eta auzotarren bat edo beste bertan lanean hasita ere bai. Besteren bat Olaberriako Aristrainen ere ziurrenik ariko zen, baina orokorrean, gure auzotarrak duin baina apal bizi ziren garaia zen ordukoa.
Haur, gazte eta heldu, guztientzat zen lana etxean, oporretara joatea zer zen jakin gabe noski.
Baina ba omen zen oporretara edo asteburu pasa gure auzora etortzen zenik ere. Gure aitona Mariano, behi parearekin agertzen den argazki honen nondik norakoei buruz etxean galdezka hasita, hala kontatu didate.
Gure baserria, Olea, jatorriz bi etxebizitzakoa izan arren, egun hiru dira. Horietako batean bizi zen familia baten lagun donostiarrek ateratako argazkia omen da hau. Lagun haiek asteburu edo opor egun batzuk pasatzera etorri eta ateratakoa.
Helduak beldurtzen omen ziren, bai behiekin baita hauen inguruko zikinekin ere, baina haurrak haur, bai Urtsuaranen eta bai Donostian. Donostiar haurrak, beldurrik gabe gerturatzen omen ziren ganadu artera.
Baserria atzeraka doan garai honetan eta Urtsuaran bezalako auzoak husten ari zaizkigunean, nostalgiaz argazki zaharrei so eginez, daukagun hori mantentzen ahalegintzea beste aukerarik ez dugu.