Gari Ugarte (Legazpi, 2005) Bellota taldeko txirrindularia da, jubenil mailan. Duela gutxi Espainiako selekzioarekin izan da Italiako eta Herbehereetako hainbat lasterketetan, afizionatu mailara jauzia egin aurretik.
Noiz hasi zinen txirrindularitzan?
Txiki-txikitan hasi nintzen txirrindularitzan; beti gustatu izan zait. Lehenengo bizikleta 2 urterekin hartu nuen eta baita ibili ere. Ondoren, lasterketak, benjamin kategorian iritsi ziren, hau da, 8-9 urterekin. Egia esan osabak bultzatu ninduen txirrindularitza mundura. Bera txikitatik ikusi izan dut ziklokroseko lasterketetan parte hartzen eta nik bere pausoak jarraitu ditut bizikleta gainean aritzeko. Beti izan da erreferentea niretzat. Beraz, esan dezaket bizitza osoa daramadala bizikleta gainean.
Noiz nabaritu zenuen beste maila batean jokatzen zenuela?
Hasieran zaletasun hutsa zen, denborapasa bat. Gero, serioago hartzen hasi nintzen txirrindularitza, jubenil mailara pasa nintzenean, hau da, 16 urte ingururekin. Orain ere esan dezaket zaletasun bat dela, baina beste modu batera ikusten dut, entrenamenduak gogorragoak dira eta serioago eta zentratuago nabil, emaitzak lortze aldera ondo pasatzearekin batera.
Duela gutxi Espainiako selekzioarekin ibili zara. Zer moduzko esperientzia izan da?
Bai, duela hilabete Italian izan nintzen Espainiako selekzioarekin, Giro Della Lunigiana lasterketan. Herbehereetan ere izan naiz duela aste pare bat, Europako txapelketan. Oso esperientzia aberasgarria izan da, orainari begira zein etorkizunera begira. Asko ikasi dut inguruan izan ditudan guztiez, izan beste txirrindulariez, nire kideez zein staff-ez. Esperientzia bikaina izan da. Profesionala sentitzen hasten zaren momentu hori, guztia eginda daukazuna, arraroa bezain berezia da eta oso gustura egon naiz bi txapelketetan.
Zein aurreikuspen dituzu datorren denboraldirako?
Hurrengo denboraldia erronkaz betea dator. 23 urtez azpikoen kategoriara egingo dut jauzi eta aurrerapauso handia izango da hau nire ibilbidean. Horrez gain, beste helburu pertsonal batzuk ere ezarri dizkiot nire buruari, hala nola, entrenamenduen intentsitatea igotzea; baita elikadura gehiago zaintzea ere. Batzuetan zaila izan ohi da kategoria aldaketetan salto hori eman eta hasieratik egokitzea, baina uste dut prest nagoela horretarako eta ondo prestatzen ari naizela salto hau ez dadin horren nabarmena izan eta txirrindularitzaz orain arte bezalaxe edo gehiago disfrutatzeko aukera izango dudalakoan nago. Espero dut datorren denboraldia ahalik eta ondoen joatea.