Igor Susaeta • Kazetaria
Hitzontzikerietan aritzea gustatzen ez zaidala erakusteko, zutabe honetan plazaratu behar dudan ideia nagusiak ebidentzia zientifiko bat izango du oinarri. Ene tesia da mudantzak oso estresanteak izan daitezkeela, eta hori berrestera dator, lagunkoi, OnePoll etxeak 2020an AEBetan egindako inkesta bat. Horren arabera, mudantza batek sortzen ditu dibortziatzeak, haurrak hezteak edo lan berri batean hasteak baino tentsio une gehiago. Behin hau idatzita, eta, kontatu didatenagatik, behintzat, kontuan hartuta ume zaintzak dakartzan aje heroikoak, bihartik aurrera, goizero, kotxearen azpian begiratzen hasiko naiz.
Ez da nire asmoa fribolizatzea, baina mudantza baten atarian gaude; orduan, besterik ez daukat buruan: kaxa batean zer sartu; bebarru berria oinezkoentzako kale batean dagoenez, hara nola iritsi autoarekin; nola demontre igo armairu hura; noiz garbitu utzi beharreko etxea; eskularruak jantzi ala ez. Gainera, ez dugu laguntza profesionalik edukiko. Tira, ikusitakoak ikusita… Mexikon etxez aldatu ginen behin, eta bi morroiri ordaindu genien trasteak kamioi batean eramateko, besteak beste. Gasolinarik gabe gelditu zen ibilgailua Mexiko Hiriko etorbide batean. Bikaina. Ordu batzuk geroago, etxe berrira iristean, mahai bat atetik sartzen ez zela eta, morroietako batek esan zuen bazekiela nola egin sar zedin. Hankak moztu zizkion mahaiari, eta gero kolarekin itsatsi zituen. Aho bete enpaste, aizu; Asier Mendizabali ere ez zitzaion okurrituko.
Beraz, oraingoan guk geuk egingo dugu, nahiz eta tentatzen nau Goenatxori deitzeak; ea oraindik mudantzetan lan egiten duen. Gustura ikusiko nuke kaxa pisutsuenak harriak bezala jasotzen. Hobe bakarrik, ordea, lekukorik gabe. Aipatu dudan inkestan %35ek nabarmendu zuten mudantza baliatu zutela bikotekidearen objektu bat nahita puskatzeko. Zergatik ez apur bat gizendu portzentaje hori.