Pello Agirrezabal • Brinkola
Brinkola eta Telleriarteko mutikoek mendiak genituen inguruan eta eskolako maisua, Don Abelino gasteiztarra, mendizalea zen. Maisua Pirinioetan eta Alpeetan ibilia zen mendian. Diapositiba emanaldiak ematen zizkigun eskola orduetan eta hori guretzat beti momentu ona izaten zen. Eskalatzen edo eskiatzen Mont Blanc, Cervino edo Aneto ezagutu zituen. Urrutiko tokiak ziren guretzat, baina gustura entzuten genituen, maisuak kontatzen zizkigun istorioak.
Eskolan egiten genituen jolasak ere ez ziren nolanahikoak. Arruntak batzuk: pilota, futbola, korrika… adibidez, baina baita guretzat berriak ziren beste batzuk ere. Hauek izenak gaztelaniaz zeuzkaten: bandera jokua, balon tiro, salto de trampolin eta abar. Joan zen mendeko 60. hamarkada zen eta maisuak gure artean euskaraz egitea nahi izaten zuen, berak ez baitzekien euskaraz eta ikasi egin nahi zuen. Benetan saiatzen zen. Klaseak gaztelaniaz ziren, noski.
Argazkia 1965 urtekoa da, Korosti mendian, Legazpin. Legazpiko Oargi Mendi Elkartearen bitartez (Periko Gabiria, Angel Belda, Portilla eta beste batzuk) eta maisuarekin batera kurtsorako lehiaketa moduko bat antolatzen zuten. 1000 metrotik gorako sei mendi igo behar ziren eta beste sei mendi 1000 metro azpikoak. Lortzen zutenek domina bat irabazten zuten eta orduko argazkia da Korosti mendikoa.
Dominak mendiak igotzeagatik
Guretzat erraza zen lehiaketa egitea, mendiz inguratuta baikeunden. Arratsaldez joaten ginen mendira, eskola orduetan, denontzat festa eguna zen. Arripillata, Korosti, Aizeleku, Mendibil, Otaño… bertako mendiak eta 1000 metrotik gorakoak egiteko astebete Urbira maisuarekin. Justaren fondan lo egiten genuen eta bertatik Arbelaitz, Zabalaitz, Aizkorri, Aketegi, Enaitz edo besteren batera joaten ginen. Horiek izaten ziren bete beharreko mendiak domina lortzeko. Gorbeiara ere izan zen irteera bat eta baita Anbotora ere.
Domina hartzeko eguna festa izaten zen guretzat, bai Korostin zein Aizelekun. 1966 urtean jarri zuen Oargi Mendi Elkarte legazpiarrak Aizelekuko gurutzea. Han ere baditugu argazkiak dominak hartzen urte horretan bertan. Oargi Mendi Elkartekoei eta maixuari esker daude gure oroimenean istorio polit hauek.