Marijo Olazabal • Arama
Lehenengoan etzez esan nion pasa zidaten gonbitari. Lanez gainezka, ezin tarterik aurkitu, gaizki zetorkidan idatzi hau egitea. Urte batzuk pasa dira ordutik eta tenple hobean harrapatu naute oraingoan. Proposamenari erantzuteko bi minutu hartu eta, zalantzarik gabe, baiezkoa. Nirekin batera, re-cordare egitera gonbidatu nahi zaituztet: garai bateko festa haiek «berriro ere bihotzetik pasatzera».
Ilusioz beteriko egunak izaten ziren herriko festak. Ilusioa eta urduritasuna katramilatuta izaten nituen, batik bat, parte hartzea izaten zelako gure desioa. Jaiak asko gelditu gabe igarotzen genituen. Gaztaina pikatze egunetik hasten zen mugimendua. Herritarrak elkartu, pikatze lanak amaitu eta danbolinean probatzeko adina gaztaina erretzen ziren. Horixe zen gure txupinazoa! Hemen dira festak!
Dantza taldea
Garai hartan, herriko gazteen dantza taldean entsegu serioak egiten genituen, haur, gazte zein nerabe, neska eta mutil, guztiak batera, elkarri lagunduz. Igande goizeko dantza saioa serioa izaten zen, zer esanik ez San Martin eguna parean bazen. Plaza bete herritar eta senide. Ederra zen dantzari taldeak taberna aurrea betetzen zuenean, gona gorri, praka txuri, kolorez beteriko makilak, txistularien doinua… Ondorengo hamaiketakoa berriz, bikaina!
Halere, festetako momenturik ederrena haur jolasen eguna zen. Hor ibiltzen ginen herriko baserri bakarren batetik ekarritako oskolak bildu eta oskolak jarri, irristaka askotan, arnasestuka ia beti. Zaku karrera berriz, barregarria izaten zen. Orekari ezin eutsiz, denbora gehiago pasatzen genuen lurrean lasterka baino.
Ederra, zinta karrera
Jolasetan ederrena berriz, zinta karrera! Egurrezko kutxa hartatik zintzilika ikusten genituen koloretako zintei jositako uztai txikiak saria gordetzen zutela bagenekien. Txirrindu gainean jarri, arkatza edo makilatxoa eskuetan hartu, eta hor gindoazen gu, nahiko baldar egia esan, gure altxorraren bila. Lortuz gero, irribarrea ahoan, zinta lotu lepoan eta hurrengoa lortzeko irrikan jarraitzen genuen.
Ez genuen gehiegi behar ederki pasatzeko. Ez genuen ezer behar egiten genuen guztia bizitzeko. Har dezagun denbora sentitu genuen hura berriro dastatzeko.