Ander San Jose (Lazkao, 1973) zortzi urterekin joan zen Donostiara bizitzera. Hala ere, Lazkaoko oroitzapen asko ditu: «Kalean jolastea, plaza ondoko zelaia, Mikelarreko ikastola, amonaren etxea…». Goierrira itzulita, badira zazpi urte Itsasondon bizi dela, «oso gustura nago. Ahal dudan ekintzetan laguntzen saiatzen naiz, eta lagun onak egin ditut herrian». Lanbidez irakaslea, –Donostiako Aiete ikastolan ari da 3. mailako haurrekin– zaletasunez, berriz, musikaria da. Gitarra «pixka bat» jotzen du, baina panderoa da bere instrumentua. Joseba Iparragirrerekin ibili zen urte askoan, Mal de Ojo eta Irailerako 6 taldeetan ere bai. Gaur egun, Esne Beltza eta Xabi Solanorekin ari da, «baina ez eszenatoki gainean, antolaketan baizik». Musikari esker, leku askotan egon da: Frantzian, Italian, Alemanian, Suitzan, Cabo Verden, Los Angelesen, Japonian, Londresen… «Japonian lehenengo aldiz 1994an izan nintzen, oraindik Internetik ez zegoenean; eta Tokion, pelikula batean nengoela zirudien».
Ze zaletasun dituzu?
Errepidean bizikletaz ibiltzea, lagunekin egotea, bikotearekin oinez ibiltzea…
Pelikula bat edo telesail bat.
Tasio.
Liburu bat.
Irakurtzen ari naizena. Exkixu, Txillardegirena.
Musika talde edo abeslari bat.
Itoitz, Oasis, Queen, El Ultimo de la Fila, Sabina…
Abesti bat.
Ruperren [Ordorika] Martin Larralde.
Oporretarako leku bat.
Alpeak.
Zer gosaltzen duzu?
Kafe hutsa eta fruta.
Inoiz ahaztuko ez duzun eguna.
Alaba jaio zen eguna.
Jaso duzun oparirik bereziena.
Alabak egindakoez aparte, urtebetetze batean lagun batek oparitutako lore sorta.
Amets bat.
Nire ingurukoak ongi eta pozik egotea.
Bizitzako plazer txiki bat.
Kontxako badian igeri egitea.
Goierriko txoko bat.
Bi esango ditut, Altzagarate eta Urkia.
Itsasondon biziko ez bazina…
Edozein lekutan moldatuko nintzatekeela uste dut, baina, Donostian? Iparraldeko herriren batean? Ez dakit.