Xabin Fernandez Zubeldia • Aktorea
Laurogei urteko nire solaskideak «Oain nastuta nabil, ez baitakit ze ordutan hartzen deten lo», esan dit.
Herriko elizako kanpaiak isildu dira. Bai behintzat gau partean. Dirudienez, hori da bere nahasmenduaren arrazoia. Lo hartu ezinik zebilenean, ohetik entzuten zituen kanpai hotsek baretzen ei zuten gaur arte. Orain, argia piztu behar izaten du mesanotxeko erlojuari begirada bat botatzeko.
«Ze molestatzen ote die ba kanpai xar horrek?», gaineratu du.
Bizilagun batzuen kexak iritsi direla esan dute kalean, eta haien atsedenari lehentasuna emate aldera hartu duela udalak erabakia. Gaueko hamarretan entzuten dira orain eguneko azken kanpaikadak; goizeko zortzietan berriz, lehenak.
«Ez dao deretxoik hortako».
Bizitza guztian ezagutu dituela berak kanpai hotsak eta sinesgaitza egiten zaiola herriko bizilagunen bat kexatu izana. «Eta zeatik ez digue ba danai galdetu?».
Esan didanez, herritar batzuk sinadurak biltzen hasi direla entzun du pelukerian. Ezkil soinuen lehengo errutina berreskuratu nahi dutela eta. Baina haserre dago, berari oraindik ez baitzaio inortxo ere etorri etxera firma eske.
«Gustoa firmatuko nuke ba hoixe». Behin etorri omen zitzaizkion etxera sinadura eske, baina kasu hartan ibaia garbitzeko eskaera egiteko zen. Hura firmatu zuen. Eta orain, kanpaien itzulera eskatzeko deseatzen dago.
«Ea enteatzen zean zein dabilen firma hoik biltzen», esan dit ondoren, nik kalean denbora gehiago pasatzen dudala eta errazago ikertuko dudala pentsatuta. «Esaiezu nere etxetik pasatzeko».
Ez da gurea horrelako erabakia hartu duen lehen herria; azkena ere izango ez dela sinetsita nago. Ordutegi ezberdinak adostu dituzte batean eta bestean, baina gero eta gehiago dira ilargipean zentsuratuak izan diren kanpandorreak. Sare sozialetan ere topatu dut «plataforma para la reducción de las campanas» izeneko talde jendetsu bat, pentsa!
«Azala gero ta finagoa, hoixe».
Eta bukatzeko, errematea bota du: «Hoi bai, Realak gol sartzen dun bakoitzen etxaferoa botako due, ordui kasoik ein gabe, horrek ez baitio inorri molestatzen, ezta?».
Kanpaia bezain ixilik utzi nau.