Ormaiztegi eta odolkiak oso lotuta daude, eta hori nabarmena izaten da herriko festetan ere. San Andres jaietako azkeneko igandea odolki eguna izango da Ormaiztegin, aurten, Euskararen Egunarekin batera. Hiru lehiaketa izango dira odolkiarekin lotuta, goizean, 11:00etatik aurrera, plazako karpan. Batetik, 36. odolki lehiaketa jokatuko da. Azkeneko irabazleak, Beasaingo Olano harategia (2022an) eta Jesus Mari Deba (2021ean) izan dira. Bestetik, 25. odolki osagaien lehiaketa eta odolkia osagaitzat duen plateren 21. sukaldaritza lehiaketa.
Sukaldaritza lehiaketan 14 urtetik gorakoek parte har dezakete, banaka edo gehienez lauko laguneko taldeetan. Prestatu beharko den plateraren osagaien artean derrigorrezkoa da Ormaiztegiko odolkia erabiltzea. Platerak 11:00ak aurretik eraman beharko dira plazara. Juan Jose Lapitz Saria banatuko dute: Murua tabernan otordua. 12:30ean banatuko dituzte sariak.
Azkenik, odolki egunarekin amaitzeko, Urrezko Odolkia banatuko dute. Aurten, Edurne Elorza Beitiarentzat izango da, azken hamar-bat urtean Elorzak «lehiaketa honetako prestaketa lanetan izandako inplikazioagatik eta egindako hizlari lanagatik».
Azoka gastronomikoa ere egingo dute Muxika egurastokian eta 12:00etan, Martin Callejo IV. ardo dastaketa.