Maddi Aiestaran Iparragirre • Bertsolaria
Zaintzaren hariak. Idatzi behar nizkizunak. Barraskiloek baino bat gehiago. Beita. Nor. Loratzen. Ameli eta Xirrikituen jostunek. Zauriren bat bistan. Ura saltoka eta natura eta kultura jolasean. Biziaroak. Lore eta laban. Belarriko kilkerra. Izotz ura. Antilletan galdurik. Eukalyptus. Nara. Bada zerbait. Bertsoglosasaio. Hiru ate. Eta abar, eta abar…
Nik ostirala aukeratu dut; horixe zetorkidan ondoen. Ostiralean joango naiz Durangora. Ondo pentsatuko dut zer jantzi, ez hozteko taloen zain, baina ez itotzeko hor barruan; zerbait estrategikoa: zera bakar bat oso beroa, gerritik lotu daitekeena. Jantziko naiz, eta erabakiko dut ez dudala gauza asko erosiko, baina zerbait bai, eske Durango da. Elkartuko naiz ezagunen batekin kotxea aparkatzea lortzerako. Egingo ditugu bi hitz leihotik espaloira. Landakora iritsitakoan, hunkitu egingo naiz. Aterako dut poltsikotik agenda, erreparatuko diet ez dakit zergatik azpimarratu nituen ia ekitaldi guztiei, zoratuko naiz, eta lehenengo buelta bat ematea erabakiko dut. Arratsalderako utziko dut beste erdia. Buruz kontatuko dut «goizean ikusitakoen artean erosi nahi nituzke hau eta hau eta hau». Hartuko dut marianito bat. Eta kroketa errazio bat. Eta berriz agenda, buelta bat, herrikora, Plateruenara. Berriz iluna. Eta konturatzerako itxiko da Landako, utziko dut poltsa kotxearen atzeko eserlekuan eta hunkidura sumatuko dut bolantearen atzealdean.
Urtero da fantasia Durangon gertatzen dena: goizetik gauera, euskal kultura, sormena, sortzaileak, gertu. Ordea, pentsatu behar genuke zergatik bizi dugun hala. Errealitatetik urrun dago bost egunez kulturazko burbuila horretan gertatzen dena. Ondo dago joatea, erostea, gozatzea, bueltatzea. Bueltatutakoan, baina, hunkitzen garenok saiatu behar genuke eguneroko errealitatea fantasia horretara pixka bat hurreratzen. Ez duzu hala uste?