Izaro Intsausti • Dantzaria
Mundua ziztu bizian doa eta gurpil zoroan barrena gu ere berarekin garamatza. Digitalizazioaren tsunamia iritsi da dagoeneko eta gure euskal komunitateak nola hartu arnasa olatu handi eta geldiezin honen aurrean? Egunerokotasunean bizi dugun azkartasun eta berehalakotasunak uzten al digu begirada luzeko betaurrekoekin etorkizuneko kulturaren bidea marrazten?
Jon Maiari entzundako Gernika kulturalaren kontzeptua oso interesgarria eta argigarria iruditu zait bizitzen ari garen unea eta batez ere bizi izan duguna azaltzeko. Berrogei urteko diktadura batean, egunero-egunero, gure hizkuntza eta kulturak jasan zuen eraso gogorrari, Gernika kulturalari aurre egiteko gai izan ginen euskaldunok eta egoera asko aldatu den arren, ezin gara lasaitu.
Ezin dugu esan Gernika kulturala amaitu denik, gaur egun ere badaude interesak hizkuntza minorizatuak desagerrarazteko eta honekin batera, euren komunitate, historia, tradizio, ohitura, sinbologia etab. pikutara bidaltzeko, kapitalismoaren mesedetan noski.
Honenbestez, mundu aldakor honetan ematen ari diren aldaketei adi egon behar dugu eta Euskaraz gain, gure tradizio, sinbologia, irudiera etab. mundu globalizatu honetan txertatzen jakin. Nora goazen adostu behar dugu baina nondik gatozen ahaztu gabe. Mundu kapitalista honek ez gaitzala lo harrapatu eta guztiok ahalegin bat egin dezagun batzen gaituenari balioa eman eta aurrera egiteko.
Indibidualismo eta fragmentazioari, kolektibotasunetik eta aniztasunetik irabazteko erronka daukagu mahai gainean. Jarrai dezagun bidean lanean.