Ezki Aristi Jauregi (Zaldibia, 2010) pilotaria da eta txiki-txikitatik aritu da frontoian jo eta su. Asteburu honetan, Master Cup txapelketako finalean izango da Durangoko Ezkurdin eta aurrean beste goierritar bat izango du, Ainitze Arratibel lazkaotarra.
Zein izan da zure ibilbidea pilotan hasi zinenetik gaur egun arte?
7 urte ingururekin hasi nintzen, pilota eskolan, beraz, txiki-txikitatik izan dut pilota eskuan eta frontoia gudu zelai. Hasieran bakarka ez nuen jokatu nahi izaten eta nire adineko mutilekin binaka aritzen nintzen beti. Ondoren, nesken txapelketetan hasi nintzen, Ainitze Arratibelekin batera.
Ibilbide honetan zehar hainbat garaipen edo inflexio-puntu izan dituzu.
Bai, ibilbide honetan lehenengo inflexio-puntu gisa lehengusuarekin batera parte hartu nuen txapelketa daukat buruan. Ataunen jokatu genuen eta final-erdietara iritsi ginen. Ondoren, Maddi Etxenagusiarekin batera Hiru Hiriburuetako txapelketa irabazi nuen, 7-18ko emaitzarekin. Orain, Master Cup-a jokatzen ari naiz eta finalerako sailkatua izan naiz.
Nolakoa izaten ari da Maste Cup-eko esperientzia?
Oso esperientzia polita izaten ari da. Ez nuen parte hartzeko intentzio handirik, baina lehengusuak bultzatuta parte hartzea erabaki nuen. Hala ere, orain urduri samar nago datorren asteko finalerako, izan ere, Ainitze laguna dut eta oso ona da, beraz, ez dut lan erraza izango bera aurkari izanik. Horrez gain, beste zaldibiar bat ere izango da bertan, Lide Lopez, beraz, polita izango da bi zaldibiarrak finalean egonda.
Etorkizunari begira, zer espero duzu pilotan?
Oraintxe bertan oso gustura nabil eta hala jarraitu nahi dut aurrera begira ere. Horretarako, txapelketetan parte hartzen jarraituko dut eta batez ere ondo pasatzen eta jende berria ezagutzen, pilotak ematen didan gauzarik onenetakoa baita hau.