Antton Fernandez Lasa • Antzerkizalea
Martxotik aurrera GoiBerrin iragarritako Kanpora sartzen antzezlana biziki gomendatu nahi dizuet, guri gustatuak zuei ere atsegin emango dizuelakoan. Hala izan ezean, iritzi honekin bat ez zatoztela esateko aukera edukiko duzue; edonola ere, emankizunaren hasieran antzokia uzteko gonbidapena helarazten duten unean, ez handik alde egin, badaezpada.
XabiN Fernandez Zubeldia astekari honetako Itzain ataleko kolaboratzailea da protagonista, eta bide oparoan dabil Legorreta bere herrian estreinatu zutenetik (Zaldibia, Ordizia, Gabiria eta Ataun igaro ditu dagoeneko Goierrin). Aitziber Garmendia Mendizabalek zuzendu du obra, eta Sara Cozar Valbuena aritu da zuzendariorde; azken bi horien ahotsak uneren batzuetan offean entzuteko aukera dago ikuskizunean, gainera.
Behin, bitan, eta hiru aldiz ere gozatu dut nik dagoeneko (eta aitortzen dizuet beste antzezlan bakar bat ikusi dudala orain arte hainbestetan). Herri eta data bakoitzera egokitzeko erreferentziaren bat entzun eta eskertu dut emanaldi bakoitzean. Dotore asmatu dute gai serioak umorez jorratzen, ikusleen barre algara zein isiluneak eraginez. Eszena ugariko pieza da, bizia. Eszenografia funtzional eta soila dauka, erdiko elementu nabarmenduna, eta zentzuz betetzen dute obran aurrera egin ahala.
Zutabe honek ez du gomendio soil izan nahi, ordea. Laster komunikatuko dizkigute Urretxu-Zumarragan 2024an Zelai Arizti antzokian helduontzat programatuko dituzten emankizunak, eta bi eskakizun egin nahi dizkiet dagokienei: lehena, honezkero imajinatuko duzuenez, Kanpora sartzen programazioan izan dadila, eta, bigarren, euskarazko
lau antzezlan baino gehiago eskain diezazkigutela.