Ainhoa Goiburu Eskitxabel • Beasain
Urteak dira Beasaingo La Salle ikastetxeak eski irteerak antolatzen dituela. Ni 1998. urtean hasi nintzen bertan lanean eta ordurako burutzen zituzten… Beti joan izan gara bi egunetarako, urtarrileko azken asteburuan: Luz Ardiden, Gourette, Cauterets, Candanchu eta azken urteetan Astunen eskiatu dugu. Arduradun gisa ez gara irakasleak bakarrik joaten: gurasoak eta ikasle-ohiak ere etorri izan dira gurekin, laguntzera eta disfrutatzera. Aukera ederra izaten da elkar hobeto ezagutzeko, eskolako testuingurutik aterata.
Ikasleentzat ere bizipen zoragarria da: eskiatzeko lehen aukera izaten da gehienentzat, lagunekin aterpetxe edo hotelean lo egiten dute, irakasleekin harremana estutzen da, kirola praktikatzen dute… Eta esan beharra dago beti ezinhobea izan dela beraien jarrera, kontutan izanda eramaten dugun ikasle kopurua: 80-90 ikasle inguruk parte hartzen dute.
Momenturik gogorrena materialarena izaten da; botak probatu, material guztia autobusean sartu eta atera… Lesioren bat edo beste ere saihestezina izaten da; zaintiratuak belaunean, sorbaldan… Baina gero kafetegian elkarrekin egoten gara goxo-goxo tertulian edo kartetan jolasten.
Urte askoan Xabier Matarranz, Jose Martin Garmendia eta ni neu joan ginen. Zenbat barre egin genuen eta zenbat anekdota ditugun kontatzeko: autobus gidariak Frantzian aterpetxea aurkitzen ez zuenekoa denok erdi bustita eta neka-neka eginda geundelarik, ikasle bat pista gorri batera igo eta jaistera ausartzen ez zenekoa denok autobusean zain genden bitartean, beste ikasle bat bi neurri desberdinetako botak janzten saiatu zenekoa…
Azken urteetan erreleboa irakasle gazteei pasa diegu. Hemendik eskerrak luzatzen dizkiet bere denbora librea ekintza honi eskaintzeagatik, ikasleek esperientzia hau bizi dezaten; Ane Barandiaran, Elena Zubiria, Imanol Ormaetxea, Lore Oiarbide eta Iñigo Murua.