Joseba Telleria • Irakaslea eta ikaslea
Hain beharrezkoak ditugun lagunak egiteko moduak era askotakoak izan daitezke: kasualidadezkoak, kausalidadezkoak, presentzialak, digitalak… Gaurko hau, iraungitze dataduna da.
2001ean amaitu zen mutil gazteen derrigorrezko formakuntza militarra. Behin 18 urte beteta, kinta berekoen arteko zozketan destinoa jakinda, urte eta erditik gorako zerbitzua ematea nahitaezkoa izan zen Espainian. Gaurko gazte askok soldadu joatea zer zen ere ez dakite eta alde batetik hobe ere bai.
Soldaduskak konnnotazio negatiboak zituen ia guztiak. Baina bizitzako hainbat egoera negatibotan bezala, alde onik ere bai. Soldaduen egoera triste, gogor eta zentzugabe ugaritan bazen zerbait horiek guztiak arinago eramanarazten zizkiena: ezagunak, lagunak eta lagun minak egitearena eta ez nolanahikoak gainera. Soldadu lagunak deituak, normalean ingurukoak, baina ez hain gertukoak eta urritikoak ere bai.
Sare sozialik ez zegoen garaikoak. Etxe askotan telefonorik ere ez. Hala ere harremanei eutsi izan die askok. Horren adibidea badugu gertu asko. 1972an Jerez de la Fronterako ‘La Parra’ aire basera (abiazioa) joatea suertatu zitzaien bi kintorena. Orduan, 23 orduko tren-bidaia. 1973ko apirilean kaskarra moztu eta 15 hilabeteko ibilbide luzeari ekin zioten, baimen batzuk tarteko, 1974ko uztailean lizentziatu ziren arte.
Harrezkero, 1975eko San Blas egunez hasi eta urte bereko San Juan egunez jarraituz, hutsik ere egin gabeko ohitura bihurtu zuten euren herriko festetako juntaizioa. Aurtengo San Blas egunez, 50. urteurrena eta elkartzearen 100.enari hasiera emango diote Naxario Telleria idiazabaldarrak eta Ramon Agirre segurarrak.
Idiazabalen, patroiaren eguneko familia bazkarira joan izan da segurarra eta Segurakoarenaren egunez bertakoenera idiazabaldarra. Otsailaren 3 honetan Idiazabalen elkartu, baxoerdiren bat jo eta bazkaldu ondoren, pilota partiduaz gozatzeko plana egina dute. Aurtengo bigarrena ekainaren 24an izango dute Seguran.
Naxario eta Ramon, Ramon eta Naxario, jarrai ezazue horrelaxe urte askoan!