Azken 20 urteetan Ataunen bizi den Urtzi Gorostiaga (Tolosa, 1980) iaz Ordizian ipuin narrazio lehiaketako finalera iritsi zen, baita bigarren postua lortu ere. Hori izan zuen bere lehen plaza, «beti gustatu izan zaizkit ipuin kontaketak, baina ordura arte Ordiziakoa bakarrik prestatu nuen. Aspalditik nenbilen zerbait egiteko asmotan, eta lagunek zein familiak animaturik aurkeztu nintzen». Gorostiagak ez zuen asko espero eta, «hunkigarria izan zen, ikaragarria, nire lehenengo urtean horrelako arrakasta izatea». Orain, berriz, nahiko lanpetua dabil: antzerkiak eta ipuin kontaketa antzeztuak Ataungo Jentilbaratza elkartekoekin, antzerkia Urrup taldearekin…
Ipuin kontalaritzan zein da zure erreferentea?
Nire osaba, May Gorostiaga.
Ze zaletasun dituzu?
Antzerkia eta lagunak.
Pelikula bat edo telesail bat.
Telesaila: La casa de papel. Azkena ikusi dudan filma, berriz, La lista de los deseos, asko hunkitu nau.
Liburu bat.
Ez dut asko irakurtzen. Ez naute gehiegi erakartzen liburuek. Beti hasteko nago, baina ezin lortu.
Musika talde edo abeslari bat.
Unidad Alavesa.
Abesti bat.
Zahartzearen Onurak.
Oporretarako leku bat.
Aurten Cadiz en egon gara, eta asko gustatu zait.
Zer gosaltzen duzu?
Kafe hutsa, ostiraletan izan ezik.
Kolore bat.
Laranja.
Inoiz ahaztuko ez duzun eguna.
Seme-alaben jaiotze egunak.
Jaso duzun oparirik bereziena.
Harri mineral bat: Septaria.
Amets bat.
Ez dut horrelako amets berezirik.
Bizitzako plazer txiki bat.
Urtziralak. Ostiralero ondo gosaltzera joaten naiz. Lagunekin eta familiarekin partekatzen dut Whatsappez: lore bat, esaldi bat, abesti bat eta gosariaren argazkia.
Goierriko txoko bat.
Lazkaomendiko bistak.
Ataunen biziko ez bazina…
Zaldibia, Segura… Goierriko herri txikiren bat.