Urtero-urtero egin ohi da esku-pilota txapelketa Beasainen. Hortxe izaten da Loinatz Jaietako astelehenean, kuadrillen egunean, final handia. Atano Txiki frontoia jendez lepo izan ohi da final handian, festa giroan eta txarangak lagun. Aurtengoan, beste maila batera eraman nahi izan da lehiaketa hau. Arrano Kulturak hartu du txapelketa honen lekukoa eta lehendabiziko aldaketa hauxe izan da: I. Emakumezkoen Pala Txapelketa sortu dute.
Hainbat eta hainbat dira parte hartuko duten emakumeak, guztiak gazteak. Duela hilabete gutxi pala jardunaldiak egin zituzten eta ondoren, txapelketa martxan jarri zuten. Joan den asteburuan hasi zen txapelketa eta Loinatz Jaietako astelehenean izango da final handia, pilota txapelketako ohiko finalarekin batera, giro paregabean. «Gogotsu» daude parte hartzaileak. 14 bikotek hartu dute parte.
Maddi Aiestaran eta Leire Otamendiren kasuan, joan den ostiralean izan zuten txapelketako haien lehen partida, Amaiur Landa eta Edurne Ibañezen aurka. Aiestaran eta Otamendi gailendu ziren, nahiz eta partida parekatua izan zen. Maddi Aiestaranek aipatu duenaren arabera, eguraldi «eskasa» egon arren eta hotza nabaria izan arren «Atano Txikiko bazterrak jendez bete ziren eta giro bikaina» izan zuten. Poteoa «neurri batean bertara mugitu zela edo» dio. Txapelketa honen sorrerarekin «oso pozik» dago, frontoian emakumeei «ikusgarritasuna» ematen dien ekintza bat delako; baita frontoian «haien tokia» egin duelako ere. Horrez gain, harreman berri ugari egin dituzte bertan dabiltzanen artean eta «noizbait gelditu izan dira txapelketatik kanpo jokatzeko ere». Gainera, txapelketak aurrera egin ahala harreman hauek ere «sendotzen» joango direlakoan dago eta giroa ere «berotzen» joango delakoan, finala gerturatzen doan heinean.
Pilotariak urduri
Idoia Garmendia eta Larraitz Goikoetxea ere parte hartzen ari dira pala txapelketan, elkarrekin. Idoia Garmendiak aipatu du lehen aldia izanik pala txapelketa herrikoia egiten dena, «urduri samar» dabiltzala gehienak. «Normalean palan aritzen ez den jendea» dela dio eta txapelketarako entrenamenduetan ibili direla. Jende aurrean jokatzeak ere «urduritasun puntu bat» sortzen dio Garmendiari, baina «sentsazio onarekin» amaitu zuen partida ostegunean, nahiz eta galdu egin zuten. «Ilusioz» dago hurrengo partidetarako eta «motibazioa» sorrarazi dio jendea ikustera joaten dela ikusteak, hau da, jendeak interesa erakuste horrek «poztu» egin duela. Larraitz Goikoetxea ere «urduri samar» izan da lehen partidan, beste frontoi batzuetan entrenatu izan dutela zertxobait dio, baina Atano Txikira iritsi eta toki desberdina izanik, «gauzak aldatu egiten direla». Gainera, berarentzat eta Garmendiarentzat «lehen aldia» izan da palan aritzen zirena. Horrez gain, frontoia ez du «konfort gune bezala ikusten eta atera aurretik deseroso sentitu zela apur bat», baina azkenean, partidan «gustura» ibili zen. Hurrengoetarako «hobetzeko» asmoz dago eta urduritasunak eragindako «akatsak berriz ez egiteko asmoz».