Goierriko musika zaleek badute non aukeratu martxoaren 23an. Idiazabalen oi! musikak hartuko badu kiroldegia, Legorretan reggae doinuak izango dira nagusi kalean zein kiroldegian, Legoreggae jaialdia ospatuko delako. Jamaikako zein Euskal Herriko hainbat artistaren presentzia egongo da jaialdian.
Arratsalde partean hasi eta iluntzera arte luzatuko da reggaelarien plana. 18:00etan hasiko da, kalejirarekin. Marabiyak Sound iruñarrek emango diote hasiera. Jaialdiaren itxiera ere haiek egingo dute. Girotzearen ondoren, 22:00etan hasiko dira gaueko kontzertuak Harripila kiroldegian. Lilibat Sound hirukoteak reggae estilo ezberdinak uztartuko ditu publikoa dantzan jartzeko. Jarraian, iazko jaialdira joaterik izan ez zuten Steady Rockets bilbotarrak ariko dira zuzenekoa eskaintzen. Iruñetik ere, The Titanians taldeak kaleratu berri duen Vol.2 Helmuga bigarren lana aurkeztuko du. Bukatzeko, eta berriz ere Marabiyak Sound-en itxieraren aurretik, aurtengo kartelburu diren Samory I eta Mortimer abeslari eta Tippy I musikari eta ekoizle jamaikarren kontzertua izango da Harripilan. Europako biran dabiltza, eta tartean, Legorretan egingo dute geldialdia. «Bi abeslari jamaikarrak azken urteotan Karibeko irlak eman duen artistarik aipagarrienetakoak dira eta horren erakusle dira euren abestiek lortu izan dituzten milioika erreprodukzioak», azaldu du Legoreggaeko antolakuntzak. Sarrerak Eventbrite weborrian erosi daitezke, 15 euroan.
Idiazabal oi! musikaren bilgune