Osagaiak
Pertsonako
- Olagarro erro edo beso bat
- 2 patata
- Oliba olioa
- Gatz larria
- Piper hautsa
- Baratxuria
Prestaketa
Lehenik olagarroa ondo garbitu behar da. Kazola batean ura gatzarekin irakinarazi. Irakin duenean olagarroa burutik hartu eta uretan hiru aldiz sartu, aldi bakoitzeko lau bat segundo edukiz. Azken aldian egosten utzi 40 bat minutuz. Olagarroa kazolatik atera eta zotz batekin zulatu ondo egosi den baieztatzeko. Hala bada, kanpoan hozten utzi.
Ur berean patata osoak baratxuriarekin egosi 30 bat minutuz. Hauek ere zotz batekin zulatu. Zotza erraz sartzen bada, ondo egosi diren seinale da.
Beste alde batetik olagarroari erroak kendu eta brasatan jarri behar dira gatza eta oliba olioarekin. Alde bakoitzetik bost bat minutuz utzi, gorritu arte.
Aurkezpena
Tako txikitan moztutako pataten gainean olagarro erroa jarri eta honi piper hautsa eta oliba olioa gehitu.
Arantxa Agirrezabala, Kattalin erretegia
Arantxa Agirrezabala eta Juan Manuel Garmendia senar-emazteek 1990. urtean ireki zuten Kattalin jatetxe-erretegia Beasaingo Katea auzoan. Gaur egun, bertan jarraitzen du Agirrezabalek senarrarekin hasi zuen bide beretik.
Hasieratik betiko sukaldaritzaren aldeko apustua egin zuten. Kattalin jatetxearen oinarrian kalitatezko produktua egon da beti, garaikoa eta gertukoa. Agirrezabalak oinarri horri eusten dio. Bera bihurtu da parrilako espezialista, txuletaz gain haragi zein arrain preziatuenak bere puntuan prestatuz.
Kattalin jatetxean menu desberdinak daude dasta gai: babarrunena, sagardotegikoa, txangurroarena, nahiz taldeentzat prestatutako hainbat menu berezi.